Tifanitxoko lau hormak eta teilatua zaharberrituko ditu Goizuetako Udalak

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 3a, 07:15
Zaharberritutakoan Tifanitxon txokoren bat nahi dutenek eskaera egin behar dute udaletxean azaroaren 4tik 25era.

Lan horiek egin ondotik, barreneko aldea ere auzolanean moldatu nahi dute eta bertan txoko bat nahi dutenek eskaera egin behar dute azaroaren 4tik 25era 

Zuetariko gehienak Tifanitxora dantzara edo zinema emanaldietara joango zineten. Gazteagoak zaretenak, Gaztetxe modura ezagutu izanen duzue. Edozein kasutan, goizuetarren oroitzapen franko gordetzen dituzre Tifanitxoko lau hormek.

 

Begibistakoa da azken urteetan okerrera egin duela eraikinaren egoerak eta Udalak, aurreko udal taldeak hasiera eman zion zaharberritze proiektuari segida emango dio. Horretarako, 68.000 euroko inbertsio eginen du eraikinaren lau hormak eta teilatua berritzeko.

Kanpoko obra hauek, heldu den urteko martxoan hastea aurreikusi du eta bi hilabetean bukatzea. Baina zer gertatzen da barrukoarekin? Eraikina kanpotik ez ezik, barrutik ere berritzeko momentua dela uste du Udalak. Orain artean bezala, erabilera publikoa eman nahi zaio eraikinari eta herriko beste hainbat txoko berritu diren gisan (labaderoa, Umore Ona elkartea…) Tifanitxo ere auzolanaren bidez berritu nahi luke Udalak.

Eraikinak, gaur egun duen erabilera baino gehiago izan dezakeenez, bertan beren jarduera burutzeko txoko bat izan nahiko luketenek udaletxean eman behar dute horren berri. Horretarako, azaroaren 4tik 25era idatzi bat aurkeztu beharko dute, honakoak zehaztuz: nork egiten duen eskaera, zer erabilera eman nahiko liokeen, gune horretan ze behar edukiko lukeen (mahaiak, apalak, arraska…) eta interesgarri iruditzen zaion beste edozelako informazioa. Guzti honekin, espazioa ahalik eta modu egokienean antolatzen saiatuko dira, eraikinari ahalik eta erabilera anitzena emanez.

Goizuetako Udalak bidalitako oharrak dioenez, «ikusten duzuenez, lan asko dugu aurretik, baina goizuetarrok ongi dakigu elkarlanari esker nolako emaitzak lortu ditzakegun. Beraz, Goizuetari bizitasuna emango dion topagune honetan, badugu zereginik auzolanean geroa ereiteko!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun