Goizuetako alkatearen eta bizilagun baten kontrako auzia artxibatu dute

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 8a, 12:57
Goizuetarrek elkartasuna adierazi zioten alkateari eta herritarrari astearteko batzarraren ondotik.

Unai Loiarte alkateak eta Olaia Lekuona Nafarroako herri honetako bizilagunak Auzitegian deklaratu dute goizean, terrorismoa goratzea egotzita

Terrorismoaren apologiaren ustezko delitu bategatik Unai Loiarte Goizuetako alkatearen eta Olaia Lekuona goizuetarraren kontra abiatutako auzia artxibatzea erabaki du ostiral goizean Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak. Loiarte eta Lekuona Auzitegi Nazionalean egon dira gaur, deklaratzen. Ondoren, haien kontrako neurririk ez hartzea eta auzia bera artxibatzea erabaki du epaileak.

 

Alkateari eta herritarrari «terrorismoa goratzea» egotzi die Eloy Velasco epaileak zitazioan, EH Bilduk deklarazioa baino lehen bidalitako ohar batean azaldu duenez. «Azalpenik eta xehetasun gehiagorik gabe deklaratzera deitzeko arrazoi zehatzaren berri» eman ez izana kritikatu du koalizioak.

Horregatik, «Espainiako Estatuaren aparatu juridikoen eraso berria irmo» salatu du EH Bilduk. Horren ustez, «aukera eta prozesu politiko bat kriminalizatu nahi dute».

«Estatuak Euskal Herriko herritarren eskubide zibil eta politikoak mespretxatzen dituztela agerian utzi du ekintza berri honekin. Gatazka konpontzeko eta bakegintzarako aukera historikoan aurrera egiteko modu konstruktiboan ekin beharrean, gatazka luzatu nahi du», gaineratu du koalizioak.

«Azalpen egokirik gabe estatu demokratiko batek bi herritar salbuespen epaitegi baten eskuetan uztea ez da onargarria, defendatzeko eta gertatutakoa argitzeko aukerarik ez dutelako», salatu du EH Bilduk.

Goizuetarrek babesa eman zioten alkateari eta herritarrari astearte arratsaldean egindako batzarrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun