Talo eguna eta Plazaolako Maratoi erdia irailaren 20an izanen dira Leitzan

Ttipi-Ttapa 2015eko irailaren 16a

Hamargarren edizioa beteko du igandean Leitzako Talo Egunak.

Ibilbidea aldatu dute eta maratoi erdia Leitzako plazan bukatuko da estreinakoz

Turismoa erakartzeko asmoz, duela hamar urte antolatu zuten lehenbiziko talo eguna Plazaola Turismo Partzuergoak eta Leitzako Udalak eta  geroztik indartzen joan den festa da. Aurten, gainera, Plazaolako Maratoi erdia ere egun berean izanen da eta ibilbidea aldatu dutenez, Mugiron hasi eta Leitzako plazan izanen du lehenbizikoz helmuga.

 

Igandean, goizeko 10etan emanen zaio hasiera festari. Urtero bezalaxe, Saralegi eta Villabona talogileek taloak prestatuko dituzte eta artisau azoka eta talo erakusketa ere izanen dira plazan. Baserriko tresneri zaharren erakusketa ere jarriko dute eta taloa, artillea, sega pika, arto zuriketa... nola egiten diren ikusteko aukera izanen da. 

Gainera,  asto, antzara, txerri eta txerrikumeak ere eramanen dituzte plazara eta txikienek behorrak tiratutako gurdian ibiltzeko aukera ere izanen dute. 11:00etatik aurrera, eskualdeko VII. talo lehiaketa eginen dute eta taloekin egindako pintxoak ere prestatuko dituzte.  4-14 urte arteko haurrek ere izanen dute taloak egiten ikasteko aukera. 12:00etan herri kirol saioa izanen da,  nesken harri jaso­tze erakustaldia eta aizkora saioa. 13:30ean artisauen produktu sorta bat zozketatuko da eta eskualdeko talo lehiaketaren irabazlearen berri ere orduan emanen dute. Plazaolako landetxe eta ostatuetako bezeroen artean egonaldi bat  ere zozketatuko dute.

Arratsaldean berriz, 6etatik aurrera taloak eginen dituzte Saralegi eta Villabonatarrek. Ortzadar fanfarreak musika eskainiko du eta euskal dantzak eta erakusketak ere izanen dira plazan.

 

San Migeltxotik Leitzara korrika

Mendi maratoi erdia ere egunen berean izanen da. Aurten ibilbidea aldatu dute eta helmuga Leitzako plazan izanen da. San Migeltxotik 10:00etan abiatuko dira korrikalariak eta bertara joateko autobus zerbitzua ere jarriko dute Leitzako kiroldegitik 09:00etan aterako dena. Leitzako plazara iritsi eta 13:00etan izanen da sari banaketa.

Proban parte hartu ahal izateko aldez aurretik eman behar da izena internet bidez  irailaren 17a baino lehen, www.kirolprobak.com orrialdean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun