Aimar Olaizolak ezin izan du buruz buruko bosgarrena jantzi

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 29a, 09:17
Urrutikoetxea txapeldun eta Aimar azpitxapedun, buruz buruko finalaren ondotik.

19-22 galdu du Mikel Urrutikoetxearen kontra final handi batean

 

Aimar Olaizola goizuetarrak ezin izan du buruz buruko bere bosgarren txapela jantzi. Ekainaren 28an Bilbon jokatutako final bikainean 19-22 galdu du Mikel Urrutikoetxearekin.

 

Goizuetarra zen faborito, bere alde zituen apustuak ere. Inork gutxik jartzen zuen zalantzan haren garaipena. Baina haseratik gailendu zaio Mikel Urrutikoetxea. Partida bukatutakoan Aimar Olaizolak berak aitortu zuenez, hasieratik erakutsi zuen Zaratamokoak garaipena merezi zuela.

Aimar Olaizola galduta ibili da partidako lehen minutuetan eta tantoak oparitu ere egin dizkio bizkaitarrari 10-19ra urruntzeraino. Dirua ere bizkatarraren alde jarria zen ordurako. Bat-batean, ordea, berpiztu egin da Olaizola II. 19na berdindu eta Urrutikoetxea hasi da orduan sufritzen. Baina hil ala bizi botatako hormabikoa doi-doi txapa gainean jarri du eta azken bi tantuak sakez egin ditu. 38 urtean lehen aldiz Bizkaikoa da buruz buruko txapelketako irabazlea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun