Adituen erranetan, aspaldiko finalik onena izan zen larunbatekoa Galarretan. Lau finalistek partida bikaina jokatu zuten eta txalo zaparrada batekin agurtu zituzten, kontuan hartuz kantxa gainean ez zegoela koadroko figura bakar bat ere. Pena bakarra, ezin deneri txapel bana eman. Denetik izan zuen finalak: emozioa, kalitatea, tantu bikainak, piloteoa, lana, berdintasuna, gogortasuna…
Hasiera orekatu baten ondotik, urdinez jantzita zeuden Segurola eta Larrañagak lehen aldetxoa lortu zuten 8-12koan. Baina berriz ere oreka ailegatu zen hamahirunakoan. 21-20koaren ondotik, gorriak agintzen jarri ziren, 27-21 eta 31-25. Baina urdinek ez zuten txapelik oparitu nahi eta 2-11 partzial batekin, 33-36 aitzinetik jarri ziren berriz ere. Baina borrokan segitu zuten gorriek ere- 36-38 eta 38-39 galtzen joan arren, hortzak estutu eta azken bi tantuak urnietarraren eta goizuetarraren alde erori ziren.
Txapeldunak pozik
Erran beharrik ez da pozez gainezka zeudela bi txapeldunak. Imanol Ansak apirilean debutatu zuenean, «erremontearen egoera zail zegoenean eta zail dagoenean, promozio txapelketa jokatzeko aukera eman eta txapela lortu dut, ezin gehiago eskatu. Garaipen honek lanean segitzeko gogoa ematen dit».
Aritz Zubiri goizuetarra zen txapelketako pilotaririk beteranoena, 28 urterekin, eta azken bost urteetan egindako lanaren emaitza jaso du aurten, hiru hilabetez bigarren txapela jantzita. «Oso partida gogorra izan da, bero egiten zuen, piloteo handia izan da eta berdindua joan da. Sufritzen jakin izan dugu eta garaipena izan da saria. Sufritu ondotik garaipenak gozoagoak izaten dira».