162 korrikalarik bukatu zuten II. Goizutrail mendi lasterketa

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 18a, 12:14
II. Goizutrail mendi lasterketako ibilbide luzeko podiuma.

Horietatik 121ek 25 kilometroko ibilbide luzea osatu zuten eta 41ek hamar kilometrokoa

Euriari eta lohiari aurre eginez, 162 korrikalarik lortu zuten maiatzaren 16an Goizuetan egin zen Goizutrail lasterketaren bigarren edizioa bukatzea. Horietatik 121ek ibilbide luzea osatu zuten, 25 kilometrokoa. Ikusi Felix Loiarteren argazkiak

 

25 kilometroko ibilbidean, Lasarte Oriako Endika Gartziak nagusitasunez irabazi zuen (2:11:51). Bost minutu luzeko aldea atera zion bigarren izan zen Zumarragako Juanjo Igarzabali (2:16:57) eta 7 minutukoa Andoaingo Jon Ugalderi 2:18:52).  Eskualdeko lehenbizikoa helmugan Arraiozko Aritz Alunda izan zen (2:32:25, hamahirugarren). Leitzako Oskar Aristimuño hamabosgarren izan zen (2:34:45), Agoitz Altzugarai lesakarra hamazazpigarren (2:35:32) eta Joseba Lasarte beratarra hemezortzigarren (2:35:54). Goizuetarren artean, Hodei Lujanbio izan zen bizkorrena (2:48:04, hogeita hamaseigarrena sailkapen orokorrean), Alex Salaberria bigarren (86., 3:10:06) eta Egoitz Zubiri hirugarren (88., 3:11:12).

Emakumezkoen artean, Zaldibiko Laida Elizegi suertatu zen garaile (2:54:00), Iruñeko Uxue Loizu bigarren (2:57:59) eta Tanit Perez de Lezeta donostiarra hirugarren (3:07:51).  Eskualdeko emakumerik ez zen atera ibilbide luzean.

Ikusi 25 kmko probaren sailkapena

 

Ibilbide laburreko emakumeen artean Maialen Apezetxea goizuetarra garaile

10 kilometroko ibilbide laburrean, Urnietako Jon Ramos izan zen irabazle (58:09), Iñigo Gurrutxaga donostiarraren (58:38) eta Lasarte-Oriako Beñat Los Arcosen aurretik. Emakumezkoetan, Maialen Apezetxea goizuetarra nagusitu zen (1:06:46ko denborarekin hamargarren izan zen sailkapen orokorrean), Legazpiko Maider Pagola (1:10:24) eta Edurne Gonzalez gasteiztarraren aurretik (1:16:40). Goizuetarren artean, Aritz Zubiri izan zen bizkorrena (1:06:48, hamaikagarren sailkapen orokorrean) eta Ibon Elizegi bigarren (1:30:16). Emakumezkoetan, Maialen Apezetxea irabazleaz gain, Ane Zinkunegi (1:30:17) eta Uxue Mutuberria (1:52:29) goizuetarrak atera ziren.

Ikusi 10 kmko probaren sailkapena

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun