Areson egingo den Haur, Guraso eta Eskolen arteko topaketaren abestia grabatu dute

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 18a, 10:40
Karrape irratian egin dute grabaketa maiatzaren 14an.

Nazabal eskolakoak burubelarri ari dira antolatzen ekainaren 6an ospatuko duten Areso, Leitza eta Goizuetako eskolen arteko topaketa. XVI. edizioa da aurtengoa eta hiru herrietako haur, guraso eta irakasleen arteko harremanak indartzea da ekimenaren helburua. Festarako logo eta lema egin dituzte eta "ni+zu=gu" lelopean bertaratzeko deia luzatu dute. Horrekin batera, abestia ere prestatu dute. Zigor Agirrek, Aresoko eskolako irakasleak, osatu ditu hitzak eta Ruper Ordorikaren Glu Glu doinua erabili dute oinarrian. Maiatzaren 14an Leitzako Karrape irratian egin zuten grabaketa eskolako haur, guraso eta irakasleek eta ederki pasa zuten.

Abestiaren letra:

Areson aukera polita

ekainak 6an dugu zita

joku ,bazkari eta festa

animatu, etorri mutil eta neska

topaketa bezalakoik ezta!

Ez dut gaur egon nahi bakarrik

etorri zarete jadanik

Areso, Leitza, Goizueta

elkartzeko aukera ona dugu eta,

goza dezagun topaketa!

Ni eta zu Areson aukera daukagu, ni eta zu bihurtu gaitezen gu (bis)

Jaiotzez badaukat izena

urtetan eraiki naizena

Maite, Beñat, Mikel, Laura, Ur

neska-mutil, zahar, gazte edo eta haur

ezagutu nahiko zintuzket gaur.

Orain dena da gure esku

sortu berri den hau babestu

lotura mantendu laguna

ez gaitezen bihurtu soilik ezaguna,

ederra baita hasi duguna!

Ni eta zu Areson aukera daukagu ni eta zu bihurtu gaitezen gu (bis)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun