Joan den urtean bezala, maiatzaren 1an, ostiral arratsean Julio Sotok eta Xabier Legarretak eman zioten hasiera festari, Zubiondon eskainitako saioarekin. Mus txapelketa ere jokatu zen.
Halere, festetako egun handia larunbata izan zen. Ohiturari eutsiz, eguerdian bota zuten festei hasiera ofiziala ematen zion txupinazoa, nahiz aurretik herri krosaren laugarren edizioa ere burutu zen. Aurten ere auzotar batek bota zuen lehen suziria, Euxtakio Zubietak, Xatur Salaberria emaztearekin eta Oihane Zugarramurdi bilobarekin batera.
Dragoi koloretsua hara eta hona ibili zen eta herri bazkarian ere jendetza bildu zen. Bazkalondoan, Shamaliats BellyDance sabel dantza eta beste dantza orientalak ikusteko aukera izan zen, baita trikitilariekin kalejiran ibiltzekoa ere. Gauerditik aurrera kontzertuak ere izan ziren.