Lehengo udaberrian udalak gerakinetatik 50.000 euro zertan inbertituko lituzketen galdetu zien herritarrei. Hainbat eskaera eta kezka utzi zituen agerian parte hartze prozesuak eta orain udalak eskaeratako bat aurrera atera eta entzumenekin arazoak dituztenei laguntzeko neurriak hartu ditu. Hala, zineko aretoan eta Erleta eskolako jangelan eta ingeleseko gelan begizta magnetikoak jarri dituzte. Gailu hauek audiofono batera audio-seinale bat zuzenean transmititzeko aukera ematen dute, inguru-zaratak sortutako interferentziarik gabe, komunikazioa hobetzea lortuz.
GARRAIO PUBLIKOAZ
Bestalde, garraio publikoan dauden gabeziak aztertzeko asmoz, ikerketa bat ere abiatu du Udalak. Horretarako lehen fasean hiru bilera egin dira, otsailaren 10, 11 eta 12an. Bilera hauetan Iter Investigación enpresako adituak adin desberdinetako herritarrekin bildu dira. Jendearen iritziak eta ikuspuntuak jaso nahi dira eta horretarako elkarrizketak, inkesta pertsonalak… egitea aurreikusten dute. Horrela herritarrek adierazitako kezkari irtenbidea eman nahi dio udalak.