Pasa berri dira herriko ioteriak. Ostiraletik hasi zen festa usaina Erleta eskolak antolatzen duen kalejirarekin. Ikasle, irakasle eta gurasoak jantzi koloretsuekin ibili ziren kalejiran musika eskolakoek jotako musikaren erritmora. Larunbatetik aurrera herri guztia sartu zen pesta giroan. Azken urtetan bezala etxeetako balkoi asko oihal eta apaingarri koloretsuekin apaindu zituzten. Bakoitzak bere sormenari bidea emanaz eskean, plazan, egunez, gauean, kalejira ezberdinetan, gaztetxean atsauretutakoen parodian... janzkera bereziak nagusitu ziren herrian barrena.
Igandeko gurdi desfilean jendetza bildu zen beste urte batez. Koxkortutako haurrak, masaiak, afrikarrak, kubatarrak, pailazoak, kaxeroiak, txotxongiloak.... denetarik ikusi zitekeen. Eta asteartean ilundu orduko, ohiturari eutsiz, atsaure kalejira abiatu zen Atekabeltzetik. Herriko musikariek girotuta, xirimiriak ez zuen jendea izutu eta han eta hemen geldialdiak eginaz herrian barrena ibili ziren kalejiran. Atsaure tradizionalak soinean zeramatzatenak ere asko izan ziren: koloretako txapel eta jantzi, estalitako aurpegi, animalia larru eta adar ikusgarriekin.