Herriko inauteriak urtarrilaren 30 eta 31n ospatuko dira. Urteroko ohiturarekin jarraituz, ostiralean haurrek eskolatik kalejira egingo dute herrian barrena eta hori amaitzean merienda izango dute. 18:00etan hasiko da herriko eskea eta musikaren erritmoan harat eta honat giro bikainean ibili nahi duen orori gonbitea luzatua dago. Gauean Lagun Artekoek afaria egingo dute Pake Toki elkartean. 22:00etan berriz Euskal Herriko Mus Txapelketako kanporaketa jokatuko da, hau ere, Pake Tokin. Musean aritu nahi duenak momentuan bertan eman beharko du izena. Larunbata izaten da inauterietako egun handia. Goizean goizetik baserrietako eskean ibiliko dira Lagun Artekoak. Bateko arin arin, besteko fandango... baserrietan eskaintzen dizkieten mokadu goxo eta tragoxka artean pasako dute gazteek eguna. 17:00ak aldera itzuliko dira herrira eta orduan egingo da karrozen kalejira. Aurten antolatzaileek saiakera egin nahi dute karroza desfile hau indartzeko. Horregatik, herritarrak animatu nahi dituzte beraien karrozak ateratzera, familian, lagun artean... ez du ezer handiegirik behar! Zerbait prestatu eta kalera! Gainera aurten nahiz eta antzerkirik ez egon, karrozek emanaldiren bat egin behar dutela aipatu dute. Beraz, ikusi beharko da zer prestatu duten herritarrek! Aurten berrikuntza bat ere izango da, trikipoteoa antolatu baitute herrian barrena. 21:30ean afaria izango da Pake-Tokin eta afal ondoren musika eta parranda.