«Loraldia eta lozorroa ezagutu ditu taldeak baina kantua inoiz isildu ez»

Eneritz IRAOLA 2015ko urt. 22a, 12:16
Leitzako Jeiki abesbatza 45 kidek osatzen dute, horietatik 44 herritarrak. Pablo FEO

Milaka entsegu, ehunka emanaldi eta hamaika eszenatoki ezagutu dituzte urte hauetan. Kantuzaleak beti kantuan, egoera zailetan jeiki eta aurrera egitea izan dute lema. Urteurrena ere halaxe ospatu zuten, abendu hondarrean Mozarten Requiema eskaini baitzuten herriko elizan. Joxe Mari Azpirozek, Jeikiko lehendakariak, azaldu dizkigu iraganeko eta oraineko kontuak. Eta etorkizunaz ere ari da «45 laguneko familia ttiki bat gara eta argi dugu kantuan gozatu eta gozarazten segi nahi dugula».

Eneritz IRAOLA

Nola sortu zen Jeiki abesbatza?

1974. urtean kantuarekiko afizioaren inguruan  herriko lagun talde bat bildu ginen. Florencio Irurtia izan zen bul­tzatzaile eta zuzendaria eta 38 urtez postu ho­rretan jardun du. Abesbatzari emandako izena gure egin genuen, herrian antolatzen ziren ekitaldietan talde aktiboa izatea baitzen gure helburua. Horretan aritu izan gara beti lanean. Kultura sustapenean lan egitea eta noski, ongi pasatzea, gozatzea eta gozaraztea da asmoa.

Zein izan da urte hauetako ibilbidea?

Abesbatza sortu berritan, lehendabiziko hamar urtetan, bizkor bizkor ibili ginen. Lei­tzako kaleetan hasi, Euskal He­rriko hainbat txokotan abestu eta Europan barna zabaldu genituen gure kantuak. Abesbatza lehiaketetan ere parte hartu genuen, Tolosan, Llangollenen, Italian... 1983tik au­rrera ordea, sasoi zaila izan zen, jendea lanera edo ikastera kanpora joan zelako eta iritsi ginen maila hori gain­ditzea zaila zelako. 18 urtez herrian egiten ziren ekitaldietan segi genuen kantuan, herritik kanpo ez. Baina, 2004an bultzada berezia eman zitzaion be­rriz abesba­tzari eta orain Nafa­rroako koruen artean erreferenteak gara.

Zenbat kide zarete?

Gaur egun 45 lagun gara eta Leitza 3.000 biztanleko herria izanda, kopuru garrantzi­tsua da. Adin guztietakoak, 70 urtetik gorakoak eta jende gaztea ere bada. Ho­rren ondorioz abesba­tza bizitzeko modu desberdinak dugu kideok. Adineko hauentzat bere bizia da abes­tea, entsegu guztietara joaten dira bakar batera hutsik egin gabe. Jende gaztea izatek berriz, kalitatea eman dio abesbatzari, duela hogeita hamar urte baino musikalki askoz prestatuagoak baitaude.

Kantuak ikasteko modua ere aldatu da?

Bai, eboluzio nabarmena izan da. Duela 40 urte zuzendariak eta bes­te bik bakarrik zekiten solfeoa. Gaur egun be­rriz, musika ikasketak dituztenak asko dira, internetek ere erraztasun handiak ematen ditu... Garai batean, belarriz, errepikapenaren errepikapenez ikasten zen. Zorionez errazagoa da orain.

Zein musika mota lan­tzen duzue? 

Denetarik Mozarten abes­tietatik hasi eta Mikel Laboaren kantuetaraino. Lehengo urtean munduko folkloreen ­inguruko zor­tzi kontzertu eman genituen. Afrikarretik hasi, israelda­rra, errusiarra… denetarik egin dugu.

Nola ospatu duzue urteurrena? 

Zerbait berexia egitea pentsatu genuen, gure buruari erronka jartzea. 2008an Orkestra sinfonietarekin Mozarten Requiema abestu genuen Leitzan eta Iruñean eta berriro ere Requiema lantzea erabaki genuen. Organoaren lagun­tzaz eta bakarlariak ere bertakoak izatea lortu nahi genuen. Urtebeteko lanketa izan da eta lortu genuen lau bakarlarietatik hiru bertakoak izatea. Oso gustura geratu gara emaitzarekin eta martxoan Leireko monastegian errepikatuko dugu emanaldia.

Eta badu etorkizunik?

Leitza herri kantuzalea da eta etorkizuna badu abesbatzak. 40 urte hauetan 120 herritar in­guru aritu dira Jeikin kantuan. Talde irekia da abesbatza, interesa duena etor liteke. Afizioa, belarria eta ahotsa izatea eta entseguetara joateko konpromisoa hartzea da eska­tzen duguna. Hamar hilabetetan, uztaila eta abuztua kenduta, astean bina en­tsegu egiten ditugu ordu eta erdikoak, emai­tzak ikusteko lan egin beharra dago.

IKASKETA METODOAK

«Eboluzioa nabarmena izan da. Duela 40 urte zuzendariak eta beste bik bakarrik zekiten solfeoa. Gaur egun berriz, musika ikasketak dituztenak asko dira, internetek ere erraztasun handiak ematen ditu... Garai batean, belarriz, errepikapenaren errepikapenez ikasten zen. Zorionez errazagoa da orain».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun