Azaroko aste kulturala bukatuta Eguberrien esperoan orain

Juana Mari SAIZAR 2014ko abenduaren 11

Haurrentzako tailerrak, batukada taldearen kalejira eta bazkaria izan ziren larunbateko ­ekitaldietako batzuk. Utzitako argazkiak

Urteroko ekitaldiek ez dute hutsik egingo

Azaro bukaeran kulturaz blaitu ginen herrian. Mota guztietako ekintzak eta ospakizunak izan ziren eta esan behar da batzuk besteek baino arrakasta gehiago izan dutela, bakarren batzuk akaso eguraldi txarrak eraginda. Ostiral iluntzean Dabid Anauten Euskararen Kate hautsiak liburuaren eta ondorengo dokumentalaren  aurkez­pena oso ongi irten zen eta baita segidan egin zen udaletxe­ko goiko solairuaren inagurazioa ere. Elkarrizketa interesgarriak sortu ziren gaia­ri lotuta eta badirudi jendea gauza berriak martxan jartzeko  prest eta gogoarekin dagoela. Ea burutzen diren eta haien berri urte berriarekin  batera emateko modua izaten dugun. Larunbatean berriz, he­rriko plazan eta herrian barna egitekoak ziren ekitaldi ugari, azkenean aterpean egin behar izan ziren. Besteak bes­te goizean egindako umeen jokuak eta margotze tailerrak eta harri­ tira saioak. Iluntzean batukada taldeak herrian barna zabaldu zituen  perkusio soinuak eta talo goxoak jateko aukera ere izan zen. Hau idazterako orduan kontuak ez zeuden eginak baina jakitan da biltzen den diru guztia Ziburuko Kaskarotenea ikastolari emango zaiola. Azaroa atzean utzi eta abendu erdialdera iri­tsita, eguberrietako kontuak ezin aipatu gabe utzi. Aurten ere Olen­tzero eta erregeen bisita eta eskolako haurrak kantuan entzuteko aukera izango dugu datozen egunetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun