Euriaren eraginez, eskulangileen produktu gehienak eskolako frontoira eraman behar izan zituzten, baina halere giro bikaina izan zen azaroaren 29an XI. Azinda Feria Egunean. 500 bat lagun bildu ziren herri bazkarian. Bezperan, Oskar Estangak Errimatuz garenera arrimatuz emankizuna eskaini zuen ganbaran.
Azienda, artisau eta nekazaritza produktuen postuak ikusgai izan ziren larunbatean. Azindei dagokienez, betizuak, astoak, zaldikoak, oiloak, indioilarrak, ardiak, umatu berri zen zerrama zerrikumeekin… ikusteko modua izan zen. Eskulangileei dagokienez, Belakoren joareek edo Luis Elizegiren zaharberritutako motoak ikusmina piztu zuten. Yandeneko atarian dolarea prestatu eta sagardoa egiten erakustaldia ere eskaini zuten. Gainera, aipatzekoa da, Luis Ignacio Lujanbio Etxeberriak garai batean sifoia eta gaseosa egiteko erabiltzen zuen tresneria atera zuela plazara eta bere funtzionamendua erakutsi zuela. Horretaz gain, barazkiak, taloak eta baserrietako beste hainbeste produktu plazaratu zituzten herritarrek. Saralegitar gazteek aizkora erakustaldia berezia eskaini zuten, enborrak altueran aizkorarekin eta aitzurrarekin ere moztuz. Herri bazkarian, berriz, 500 bat lagun bildu ziren giro ederrean eta ondotik, ohikoa denez, zerriaren puskak zozketatu zituzten.