Azaroko azken aste honetan kultur ekintza ezberdinak egiten ari gara herrian. Astelehenean gurasoentzat ikastaroa izan zen euskarazkojolasak ikasteko. Asteartean berriz,emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna zela eta "Alardearen seme alabak" film dokumentala ikusteko aukera izan genuen. Asteburu honetan amaituko dira ekintzak eta bi zita garrantzitsu ditugu aresoarrok. Azaroaren 28an udaletxeko erabilera anitzeko gelan 19:00etan hasita Dabid Anautek idatzi duen liburuaren aurkezpena izango dugu, "Euskararen kate hautsiak" eta segidan “Euskara ospela eta egutera” dokumentala izango da ikusgai. Jarraian udaletxeko gela berriaren inauguruazioa egingo da. Pintxoak ere izango dira.
LARUNBATEAN PESTA EUSKARARI LOTUA
Euskararen eguna, abenduaren 3an den arren, gurean azaroaren 29an ospatuko dugu. Goizean goizetik hasi eta egun osoan zehar zer ikusi eta non gozatua izango da. Goizeko 11:00etan haurrentzat margotzeko txokoa eta 11:30ean herriko pilotarien arteko partidak antolatu dituzte. 12:30ean Leitzako harri tiratzaileen erakustaldia izango da. Plazan informazio postua, pintxoak eta musika ere izango da goizean. 14:00etan Pake-Toki elkartean bazkaltzeko elkartuko dira. Helduek 20 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek (5-12 urte bitartean 10 euro. Bazkaritarako entsalada mistoa, haragi zopa, gisadua, limoi musa, kafea eta kopa izango dira. Bazkal ondoren Gorka eta Olatz trikitilariak eta eskolako haurren bertsoak entzuteko aukera izango da. Arratsaldean Berastegiko batukada taldearen erritmora mugitzeko aukera izango da, herrian zehar egingo duten batukadan eta bukatzeko taloak ere jarriko dituzte salgai beheko trinketean. Antolatzaileek baserritarrez janztera animatu nahi dituzte herritarrak.