Leitza izan dute aurtengo ikasturte hasierako topaketetarako bilgune eta Alemania, Italia, Irlanda, Paris, Madrid, Aragoi, Andaluzia, Portugal eta Herrialde Katalanetako EHL sareetako 25 ordezkari batu dira. Bertan Euskal Herriko askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokan beraien konpromisoa berretsi eta ikasturte honetarako lan ildoak zehaztu dituzte. “Euskal Herriak bidelagun gaitu” lemapean burutuko den urte osoko kanpainarekin Euskal Herriak bizi duen errepresio egoera eta adierazpen ezberdinak lantzeaz gain, herri libre eta sozialista baten eraikuntzan arlo ezberdinetan ematen ari diren pausuak ezagutzera emango dituzte. Leitzan eginiko agerraldian salatu zuten Euskal Herrian duela 5 urtetik bizi dugun giro berria aintzat hartu gabe, Estatuek berdin jarraitzen dutela. Leitzako herria eta herrikideak lehenengo pertsonan ezagutzeko aukera izan zuten. Urriaren 25ean, Atekabeltzatik abiatuta, kalejira internazionalista egin zuten elektrotxarangak girotuta. Ekitaldi bat egin zuten gero eta ondoren herri afaria izan zen. Gaua amaitzeko Marianotoz blai taldearen kontzertua izan zen. Ikasturteari amaiera eman eta dinamika guzti hauek batzeko, Madrilen manifestazio internazionalista bat burutuko dute EHL sareko kideek.