Duela 50 bat urte sartu zen lehen aldiz insignis pinua Goizueta eta inguruko mendietan. Baina gaur egun, gaitza dela eta, debekatua dago pisu klase hau landatzea eta hortaz, nolabait Insignis pinuaren garaia edo zikloa bukatu dela eta, bilkura egin zuten azaroaren 14an Goizuetako Umore Ona elkartean urte hauetan oihangintza lan hauekin zer ikusia izan dutenetako batzuk.
Urte hauetako Ingurumeneko ordezkariak, mendizainak, mendi langileak, udal langileak, alkateak, zinegotziak eta beste laguntzaileak bildu ziren mahaiaren inguruan. Horietako bat izan zen Maite Arrizurieta, Leitzako mendizaina eta berak aipatu digunez, «pinuaren ordez, alertzea, Japoniako zedroa, Atlaseko zedroa, tuliperoa eta 500 metrotik behera sequoya landatzen dugu orain». Denak ere, ziklo ertaineko zuhaitzak dira, 60-70 urte behar dutenak hazteko eta ez insignis pinua bezalako ziklo laburrekoak, 30 urtez errentagarritasuna ematen zutenak. Halere, oihangintzaren errentagarritasuna asko murriztu dela aipatu digu Arrizurietak, «orain dela 15 urte 12.000 pezetatan saltzen zena (72 euro), gaur egun 22-23 eurotan saltzen baita Goizuetan».