Larunbateko Feria Egunarekin borobilduko dute goizuetarrek Azaro Kulturala

Ttipi-Ttapa 2014ko azaroaren 27a

Aurten ere jendetza elkartuko da Feria Eguneko herri bazkarian.

Luis Ignacio Lujanbiok duela 20 urte arte sifoia egiteko erabiltzen zuen tresneria erakutsiko du

Goizean azienda, artisau eta nekazaritza produktuen postuak ikusgai izanen dira, baita trikitilariak, joare egileak, ardi erakustaldia, zerri xangoak eta sagardo egileak ere. Horrez gain, Luis Ignacio Lujanbio Etxeberriak sifoia egiteko erabiltzen zuen tresneria aterako du plazara. Eguerdian aizkolariak ariko dira eta ondotik herri bazkaria eginen dute. Arratsaldez poteo musikatua eginen dute eta gauean Oattolo DJa ariko da Gaztetxean.

Hitzaldiak direla, bideo emanaldiak, antzerkiak, ikastaroak... Denetariko ekitaldiekin gozatzeko aukera izan dute Goizuetan hilabete honetan. Eta hori guztia borobiltzeko larunbaterako Feria Eguna antolatu dute. Feria Egunaren XI. edizioa izanen da. Goizean azienda, artisau eta nekazaritza produktuak ikusgai izanen dira, eta horiez gain, trikitilariak, joare egileak, ardi erakustaldia, zerri xangoak eta sagaro egileak ere bai. Gainera, aipatzekoa da, Luis Ignacio Lujanbio Etxeberriak garai batean sifoia eta gaseosa egiteko erabiltzen zuen tresneria plazara aterako duela eta orain dela 20 bat urtera arte nola egiten zuen azalduko du.

12:30ean aizkolariak ariko dira eta 14:30ean herri bazkaria eginen dute. Bazkaldu ondotik ere ez da girorik faltako eta poteo musikatua eginen dute. Gauean Oatttolo DJa ariko da Gaztetxean.

Egutegia

Azken urteetako ohiturari segituz, herriari estu lotutako gai bat hartu eta egutegia argitaratu du Goizuetako Ezker Abertzaleak. Aurten herriko bertsolariei eman die protagonismo guzia, iaz, musikari eta kantariei edo aurreko urtean pilotariei eman zieten bezala. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan kantatutako Xalto edo Manolotik hasi eta herriko bertsolaririk xumeena arte bildu dituzte egutegian. Baita bertso idazleek eta eskolarteko txapelketetan kantatutakoak ere. Hau ere Feria Egunean jarriko dute salgai.

Argazki lehiaketa

3 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako argazki lehiaketa ere antolatu du Guraso Elkarteak, Feria Eguna gaitzat hartuta. Lanak abenduaren 15a baino lehen bidali behar dira g.elkartea@hotmail.com helbidera edo Goxaliko buzoian utzi. Irabazleak sorpresaren bat izanen du saritzat.

Ostiralean Oskar Estangarekin ikuskizuna

Egun nagusia larunbatekoa izanen bada ere, ostiralean, azaroak 28, Oskar Estangarekin beste ikuskizun bat izanen da: Errimatuz garenera arrimatuz, 19:30ean Ganbaran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun