Azaroko azken aste hau kultur ekitaldiz betetako astea izaten ari da aresoarrentzat. Astelehenean, adibidez, gurasoentzat euskarazko jolasak ikasteko ikastaroa antolatua zuten eta asteartean, berriz, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna zela eta, Alardearen seme-alabak dokumentala ikusgai izan zuten.
Baina ez dira horiekin bukatu azaroko kultur ekitaldiak. Ostiral honetan, azaroak 28, Euskararen kate hautsiak: hizkuntza zapalkuntzaren memoria liburua aurkeztuko du Dabid Anaut egileak berak 19:00etan udaletxeko erabilera anitzeko gelan eta ondotik, Euskara ospela eta egutera dokumentala izango da ikusgai. Jarraian, udaletxeko gela berria inauguratuko dute eta pintxoak ere izango dira.
Egun haundia, hala ere, larunbatekoa izanen da. Euskararen Eguna abenduaren 3an den arren, Areson azaroaren 29an ospatuko dute eta goizean goizetik antolatu dituzte ekitaldiak. 11:00etan haurrentzat margotzeko txokoa izango da eta 11:30ean herriko pilotariek partidak jokatuko dituzte. 12:30ean Leitzako harri tiratzaileek erakustaldia eskainiko dute. Gisa berean, plazan informazio postua, pintxoak eta musika ere izango dituzten goizean. 14:00etan Pake Toki elkartean bazkaria egingo dute. Helduek 20 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek, 5-12 urte bitartekoek, 10 euro. Bazkaldu ondotik, Gorka eta Olatz trikitixarekin eta eskolako haurren bertsotan entzuteko aukera izango da. Arratsaldean, Berastegiko batukada taldearen erritmora mugitzeko aukera izango dute herritarrek eta bukatzeko taloak jarriko dituzte salgai beheko trinketean.
Antolatzaileek baserritarrez janzteko gonbitea luzatu dute eta bide batez, aipatu, bilduko den dirua Ziburuko ikastolari laguntzeko izango dela.