Azaro Kulturaleko ekitaldiek ez dute etenik Goizuetan eta asteburu honetan, iralekuei buruzko tesia aurkeztu du Lidia Montesinosek eta euskararen zapalkuntzari buruz idatzi duen liburua Dabid Anautek. Umeek ere jolasean aritzeko aukera izan zuten larunbatean. Ikusi Felix Loiarteren argazkiak
Azaroaren 14an, ostiral arratsean Ganbaran, Lidia Montesinos, Bartzelonako Unibertsitateko antropologia ikasleak Goizuetako komunalen inguruan burutu duen Iralikuk izeneko tesiaren aurkezpena egin zuen. Azaroaren 15ean, larunbat arratsaldean umeentzako jokoak izan ziren plazan eta Dabid Anaut-ek Euskararen kate hautsiak liburua aurkeztu zuen Ganbaran. Liburuak euskarak jasan duen zapalkuntzaren memoria du ardatz, eta besteak beste, hainbat goizuetarren testigantzak biltzen ditu.
Azken txanpa
Oraindik ere bi asteburu gelditzen zaizkio Azaro Kulturalari.
Hilaren 21ean, ostiralean 19:30ean, Euskal Herriko altxorretan barrena Arkaitz Astiazaranen dokumentala izanen da ikusgai Ganbaran. Arkaitz Astiazaran lasturtarrak 4.800 kilometrotan zehar errepideko bizikletaz egindako ibilbidea erakutsiko du dokumental baten bidez; herrialdeko mendialde, herri eta ingurune ederrenak lotuz, 800 herri eta 175 mendate igaroz 37 etapatan zehar. Basoak, desertu inguruneak, kostaldea, piriniar mendatetzarrak, haran ezkutuak...
Hilaren 22an, larunbatean 18:00etan, sendabelarrei buruzko hitzaldia eskainiko du Maika Cerderak Goxalin.
Herriko Kultur Taldeak udalaren laguntzarekin antolatutako Kulturaldia hilaren 29ko artisau, nekazaritza produktu eta azinda feriarekin borobilduko da, baina bezperan, Errimatuz garenera arrimatuz ikuskizuna eskainiko du Oskar Estangak 19:30ean Ganbaran.