Oialdetxoko, Leitzako Gaztetxokoa azaroaren 2an hasi eta martxoaren 27ra arte irekita egonen da. Igandero, arratsaldeko 5etatik 8ak arte izanen dute gaztetxoek zerbitzuaz gozatzeko aukera. Gaztetxokoa 12-16 urteko gaztetxoei zuzendua dagoen zerbitzua da. Haientzat antolatzen dituzten ekintzak egiteko, jolasteko, pelikulak ikusteko edo elkarrekin egoteko txoko bat izatea da helburua. Aurten, aurreko urtean bezalaxe, Naroa eta Julen izango dira begiraleak. Lokala Guraso Elkarte Katolikoena da eta Gaztetxokoa Amazabal Institutuko Guraso Elkarteak kudeatzen du Gizarte Zerbitzuen laguntzarekin. Kostea 2.244 eurokoa da eta erabiltzaileen kuotekin eta beste hainbat diru iturrirekin egiten zaio aurre kopuru horri, tartean zozketak ere egiten dituzte.