Santu Guztien eguneko Ander Olaizolaren bideo emanaldiarekin eta asteburu honetako Umore Ona elkartearen Egunarekin, Wukrori buruzko hitzaldiarekin eta Aresoko antzerki taldearekin hasitako Azaro Kulturaleko ekitaldiek datozen asteburuetan ere segida izanen dute.
Azaroaren 14an, ostiralean 19:30ean Goizuetako komunalari buruzko Iralikuk tesiaren aurkezpena eginen du Lidia Montesinosek. Azaroaren 15ean, larunbatean 17:00etan umeentzako jokoak izanen dira plazan eta Dabid Anaut-ek Euskararen kate hautsiak liburua aurkeztuko du 19:00etan Ganbaran.
Hilaren 21ean, ostiralean 19:30ean, Euskal Herriko altxorretan barrena Arkaitz Astiazaranen dokumentala izanen da ikusgai Ganbaran eta 22an, larunbatean 18:00etan, sendabelarrei buruzko hitzaldia eskainiko du Maika Cerderak Goxalin.
Kultur Taldeak udalaren laguntzarekin antolatutako Kulturaldia hilaren 29ko feriarekin bukatuko da, baina bezperan, Errimatuz garenera arrimatuz ikuskizuna eskainiko du Oskar Estangak Ganbaran.