Umore Ona elkartearen Eguna izan da asteburu honetako plater nagusia Goizuetan, baina Azaroko Kulturaldiaren baitan, Wukrori buruzko hitzaldia eta Aresoko antzeki taldearen emanaldia ere izan dituzte. Ikusi Felix Loiarteren argazkiak
Azaroaren 7an, ostiral arratsaldean Ganbaran, Etiopia-Utopia Fundazioak Wukron egiten duen lanari buruzko hitzaldia eskaini zuen Angel Olaranek. Bertan, azken urteetan asko garatu bada ere, elikadura eta ura arazo larriak dira oraindik ere. Hitzaldiaz gain Mikel Aristregiren "Aingeruen hegaldia"izeneko argazki erakusketa ikusgai egon zen.
Azaroaren 8an, larunbatean Umore Ona elkarteko atalen Eguna ospatu zen. Eguerdian, Nafarroako Kirol Jokoetako bi pilota partidak jokatu ziren: lehendabizikoan Larraungo Galarza eta Ijurko, Umore Onako Legarreta eta Salaberriaren aurka 18 eta 9 nagusitu ziren; bigarrenean Arbizuko Aldabideko Nazabal eta Goikoetxeak 22 eta 15 galdu zuten Umore Onako Aizkorbe eta Apezetxearen aurka. Larunbat arratsaldean, futbito partida jokatu zen bitartean, antzerkia egin zuen Aresoko taldeak. Ondoren abesbatzakoak eta dantzariak kalez kale ibili ziren girotzen eta bukatzeko Umore Onako ataletako partaideek afaria izan zuten Elkartean.
Azaro Kulturalak segida
Baina Azaro Kulturalak datozen asteburuetan ere segida izanen du Goizuetan.
Azaroaren 14an, ostiralean 19:30ean Ganbaran, Lidia Montesinos, Bartzelonako Unibertsitateko antropologia ikasleak Goizuetako komunalen inguruan burutu zuen Iralikuk izeneko tesiaren aurkezpena eginen du.
Azaroaren 15ean, larunbatean 17:00etan umeentzako jokoak izanen dira plazan eta Dabid Anaut-ek Euskararen kate hautsiak liburua aurkeztuko du 19:00etan Ganbaran. Liburuak euskarak jasan duen zapalkuntzaren memoria du ardatz, eta besteak beste, hainbat goizuetarren testigantzak biltzen ditu.
Hilaren 21ean, ostiralean 19:30ean, Euskal Herriko altxorretan barrena Arkaitz Astiazaranen dokumentala izanen da ikusgai Ganbaran eta 22an, larunbatean 18:00etan, sendabelarrei buruzko hitzaldia eskainiko du Maika Cerderak Goxalin.
Herriko Kultur Taldeak udalaren laguntzarekin antolatutako Kulturaldia hilaren 29ko artisau, nekazaritza produktu eta azinda feriarekin borobilduko da, baina bezperan, Errimatuz garenera arrimatuz ikuskizuna eskainiko du Oskar Estangak 19:30ean Ganbaran.