Santu Guztien eguneko Ander Olaizolaren bideo emanaldi bikainarekin hasitako Azaro Kulturaleko ekitaldiek datozen asteburuetan ere segida izanen dute. Asteburu honi dagokionez, Umore Ona elkartearen Eguna izanen da plater nagusia, baina Wukrori buruzko hitzaldiarekin eta Aresoko antzeki taldearen emanaldia ere izanen dituzte.
Azaroaren 7an, ostiral arratsaldeko 7:30ean Ganbaran, Etiopia-Utopia Fundazioak Wukron egiten duten buruzko hitzaldia eskainiko du. Bertan, azken urteetan asko garatu bada ere, elikadura eta ura arazo larriak dira oraindik ere. Hitzaldiaz gain Mikel Aristregiren Aingeruen hegaldia izeneko argazki erakusketa ikusgai egongo da.
Azaroaren 8an, larunbatean Umore Ona elkarteko atalen Eguna ospatuko da. Umore Ona elkartea osatzen duten talde ezberdinek beren eguna ospatuko dute. Pilota partidak, koruaren emanaldia, futbito partida eta dantzariak izango dira protagonista. 12:00etan pilota partidak jokatuko dituzte. 17:30ean Areto futbola. 19:00 Umore Ona abesbatza eta dantza taldearen eskutik kalejira herrian barrena. Gainera, egun berean Aresoko harria antzezlana ikusteko aukera ere izanen da 17:30etik aurrera Ganbaran. Aresoko herritarrek sortu eta antzeztutako lana da hau.
Hurrengo asteburuetan gehiago
Azaroaren 14an, ostiralean 19:30ean Goizuetako komunalari buruzko tesiaren aurkezpena eginen du Lidia Montesinosek. Azaroaren 15ean, larunbatean 17:00etan umeentzako jokoak izanen dira plazan eta Dabid Anaut-ek Euskararen kate hautsiak liburua aurkeztuko du 19:00etan Ganbaran.
Hilaren 21ean, ostiralean 19:30ean, Euskal Herriko altxorretan barrena Arkaitz Astiazaranen dokumentala izanen da ikusgai Ganbaran eta 22an, larunbatean 18:00etan, sendabelarrei buruzko hitzaldia eskainiko du Maika Cerderak Goxalin.
Herriko Kultur Taldeak udalaren laguntzarekin antolatutako Kulturaldia hilaren 29ko artisau, nekazaritza produktu eta azinda feriarekin borobilduko da, baina bezperan, Errimatuz garenera arrimatuz ikuskizuna eskainiko du Oskar Estangak 19:30ean Ganbaran.