Joan den urtean bezalaxe, aurten ere Iruñeko La Cocina de Álex Mugica jatetxeko Alex Mugica sukaldariak eta Arantxa Sagastibeltza sumillerrak lehenbiziko postua, Urrezko Kategoria saria lortu dute Iruñeko Kaxuela eta Ardoaren XIII. Astean. Aurten, Zurrukutuna… todos a una! izeneko kaxuela aurkeztu dute: baratzuri zopa bat, bakailu tortilla fin batekin. Saria ahobatez eman zion epaimahaiaren ustez, “betiko plater bat berrinterpretatu dute, ukitu kurruxkatsua eta zaporeen armonia emanez”. Alex Mugica leitzarra pozik dago bigarren urtez segidan irabazita: «Finalera ailegatzea sari bat da, baina irabaztea loteria!», dio. Baina saria ematerakoan, kaxuelak laguntzen duen ardoarekin lortzen duen konplizitatea ere saritu dute eta horretan beste leitzar batek du meritua, Arantxa Sagastibeltza sumillerrak. «Zapore potenteko errezeta denez, zaila izan zen ardoa aukeratzea», aipatu du Sagastibeltzak. Azkenean, Urabain ardo ondua aukeratu zuen, «hurrengo mokadurako ahoa frexkatzen duelako».