Leitzako kultur taldeak zazpigarren urtez antolatu du mikologialdia. Urriaren 20an, astelehenean, eman zioten hasiera eta urtero bezalaxe, igandean pesta giroan bukatu. Ehunka perretxiko eta onddo bertatik bertara ikusi eta batzuen eta besteen ezaugarriak ikasteko aukera izan zen mikologialdiko azken egunean. Gainera, Erleta eskolako haurrek astean zehar egindako eskulanekin apaindu zuten plaza: marrazkiak, ogi masa erabilita egindako onddo formako opilak, maketak...eta egunean bertan ere tailerrak antolatu zituzten ttikienentzat. Dastatzeko aukerari ere ez zion ezetzik esan jendeak, 300 pintxo inguru saldu zituzten. Ikusi argazkiak
Ezagutza zabalduz
Mikologialdiaren helburua «etxean bildu eta jatera ohituta gauden horiez gain, espezie gehiago ere badaudela erakustea da. Horregatik, ahalik eta erakusketa osatuena egiten saiatzen gara» azaldu zigun Mikel Illarregik, antolatzaileetako batek. Aurten «urte txarra izan da» aipatu zigun, baina hala ere, 110 espezie inguru bildu zituzten eta tartean «phalus impudicus-a, usain oso fuertea duen perretxiko berexia». Erakusketarako aleak herritarrek ekarri eta bezperan egindako mendi irteeran bildu zituzten. Denera, 30 bat ume joan ziren Leitzalarrera eta haiekin batera, baita Kaliforniatik etorritako bikote bat ere. Jasotako guzti hori sailkatu egin zuten gero. Hernaniko Zuñiga anaiak aritu ziren zeregin horretan eta Jose Migel Elosegi herritarra ere, urtetan ardura hori izan duena, hurbildu zen laguntzera.