Zazpigarrenez antolatu du ALKE Leitzako Kultur Elkarteak herriko zenbait eragilerekin batera Leitzako Mikologialdia. Urriaren 20tik 26 bitartean eginen da. Azken urteetako egitaraua mantenduko dute. Astean zehar lagunarteak mendietan ibiliko dira perretxikoak biltzen eta ostiralean, urriaren 24an, bildutakoak karrapera eraman beharko dituzte arratsaldeko 7etatik 8etara.
Larunbatean goizeko 09:30ean, Mendibil Aurrerako mendi taldearen eskutik, plazatik abiatuta, guraso eta seme-alabekin onttoak biltzera joateko aukera izanen da. Arratsaldean sailkatu eginen dituzte bildutakoak.
Igandean, urriaren 26an, goizeko 11:30etik aurrera, erakusketa mikologikoa ikusteko aukera izanen da, baita pintxo goxoak dastatzeko aukera ere. Haurrentzako tailerrak ere antolatu dituzte eta eskolan astean zehar egindako lanak ere ikusgai jarriko dituzte.