Nafarroako Gobernuko lehen presidente ordea eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Lan kontseilaria den Lourdes Goicoecheak bixita egin zuen urriaren 13an, astelehenean Leitzako Sarriopapel lantegira, Nafarroako Gobernuak Foru Interesekotzat jo duen 2015-16rako eginen duen inbertsio plana ezagutzeko. Kontseilariarekin batera Politika Ekonomiko eta Enpresarialeko zuzendari nagusia den Maria Jesus Valdemoros eta Sarriopapeleko arduradunak izan dira, Eduardo Querol (kontseilati delegatua) eta Joan Guinart (industria zuzendari nagusia), hain zuzen.
Nafarroako Gobernuak, irailaren 9ko bileran adostu zuen akordioan, Sarriopapel y Celulosa SA enpresaren inbertsio-proiektuak foru-interesekotzat jo zituen; zehazki, enpresak 34 milioi euro jarriko ditu Leitzako instalazioetan paper termiko eta metalizatuak egiteko ahalmena eta paper horien sorta handitzeko. Hain zuzen, Sarriopapeleko zuzendariek azaldu zutenez, heldu den urte bukaeran lakatzeko-bernizatzeko makina berria jartzeko asmoa dute, baita akabailen atal berria. Honela, paper metalizataren produkzioa 30.000 Tonatik gorakoa izanen da. Paper termikoari dagokionez ere, almena handitu nahi da eta balio erantsi handiagoko papera produzitzeari ekin. Lerro berri hau 2016 urte hasierarako lanean hastea espero dute.
1959tik Leitzan
Sarriopapel y Celulosa SA enpresa 1959an ireki zuten Leitzan. Lecta izeneko Europako paper-talde nagusienetako batekoa da. Leitzan guztira 360 langile daude, enpresan batez beste 26 urtean lanean aritu direnak. Gainera, zeharkako 2.000 lanpostu sortzen ditu, paper-sektorean lanpostu zuzen bakoitzeko zeharkako bost baitaude. Egingo den inbertsioak paper-fabrikako enplegua egonkortu eta jarduerari eustea bermatuko du. Gaur egun, balio erantsi handia duten eta goi-mailako teknologiarekin landu behar diren hainbat paper berezi egiten dituzte (autokopiakoa, termikoa, metalizatua eta distira handiko iztukatua), guztira 120.000 tona baino gehiago.
Horrez gain, enpresak gas naturaleko kogenerazio-instalazio bat dauka, 7,2 Mw-ekoa, eta baita ingurumen- eta energia-ziurtagiriak ere, lehengaia (egurra), ura eta energia modu iraunkorrean kudeatzea ziurtatzeko.
Orain arte, Nafarroako Gobernuak 2,9 milioi euro inguruko diru-laguntzak eman dizkio enpresari.