Udazken usainean, ohikoa bihurtu da egutegian Talo Eguna. Irailaren 21ean izan zen aurtengoa, 10.edizioa eta Saralegi eta Villabonatarrek egindako taloak dastatu, artisauen produktuak erosi eta erakusketa eta ikuskizunez gozatzeko aukera izan zen herriko plazan. Plazaolako turismo partzuergoa sortu zenetik 20 urte pasa dira eta Plazaolako trenbidea eraiki zenetik 100 urte, horregatik, horixe izan zen karrapeko erakusketaren gai nagusia. Horretaz gain, baserrietan erabiltzen ziren tresna zaharrak ere jarri zituzten ikusgai. Txikienek ere izan zuten non gozatua: animaliak, gurdi gainean paseoak eta talo tailerrak antolatu zituzten beraientzat. Herri kirolentzat ere izan zen tartea, Kañamares anaiek zerratoki bat jarri zuten martxan eta Leitzako neska-mutilak harri tiran aritu ziten. VI.Talo Lehiaketa Julian Zabaleta herritarrak irabazi zuen eta landetxe batean lau pertsonentzako egonaldia eta artisauen produktuen sorta bat ere zozketatu zituzten.