«Begiz jota dute herria, zer suma dabiltza eta egoera itogarria da»

Eneritz IRAOLA 2014ko urr. 2a, 10:10

Helenik 450 euroko bi isun jaso ditu zenbait mobilizaziotan parte hartzeagatik. Eneritz IRAOLA

35 herritarri, 50 isun. Denera 52.000 euroko zorra. Horixe da azken urtebetean ­leitzarrek izan duten isun jasaren ondorioa. 2013ko irailaren 9an Espainiako Barne Ministroa herrian izan zenetik, «isunak area­gotu dira tarte motzean 12.000 eurotik 52.000ra iritsita» azaldu digu Helenik. Guardia Zibilaren helburua «herrian sortzen den edozein mugimendu geldiarazi eta beldurra zabal­tzea da» dio. Errekurtsoak atzera bota eta batzuei isunak bikoizten dizkietela ikusita, zorra ordaintzen laguntzeko ekitaldiak antolatuko dituzte.

Eneritz IRAOLA | LEITZA

Zein da egoera?

Argi dago leitzarren aurkako eraso handi bat ari direla gauzatzen. Bost bat hilabetetan isunen izuga­rrizko gorakada izan da. 12.000 euroko isunak genituenean hasi ginen isundutakoak elkar­tzen. Ma­xurrenea auzia zela eta Fernandez Diaz Barne Ministroa Leitzara etorri eta herriak bere haserrea adierazi zionean okerrera egin zuen egoerak. Badirudi isunak erakutsi genuen oposizioaren ondorio edo ordaina direla. Bisitaren ondotik, isunak egunero iristen hasi ziren eta  12.000 eurotik 52.000 eurora igo zen kopurua. 

Zein delitu inputatzen ­dizuete?

Isun gehienak 450 eurokoak dira, presoen aldeko mobilizazioetan parte hartzeagatik, Herriraren ilegalizazioaren aurkakoetan... baimendutakoa baino jende kopuru gehiago geundela diote, horrela ez izan arren. Kartelak eta pankartak jartzeagatik ere izan dira isunetako batzuk. Kontua da, isun horiei helegitea jarri­ diegula  eta atzera bota eta gainera isun batzuk bikoiztu direla, 900 eurokoak dira orain. Zortzi bizilagunei 3.000 euroko isunak ere iritsi zaizkie herriko kale nagusian alderik alde pankarta bat jar­tzea­gatik.  Ba­tzuei egon ez ziren mobilizazioetan parte har­tzea ere egotzi diete. Gainera, isunduak ez gara identifikatuak izan eta hori justifikatzeko diote  sobera ezagunak garela. Adinari dagokionez, jubilatuak, helduak... baina bereziki gazteak dira kaltetuenak.

Isunen aurrean zein aukera dituzue?

Azkenean ordaindu bes­te erremediorik ez dugu, nomina badugu bertatik kenduko digutelako. Helegiteak jar­tzen saiatu gara, baina guztiak atzera botatzen dituzte eta batzuetan ordaindu beharrekoa bikoiztu egiten da. Azken epai hori ere erreku­rritu liteke baina, prozedimentu berriak abiatuta isuna handi­tzen joateko arriskua ere hor dago. Nahikoa diru ematen ari gara dagoeneko.  

Diru karga honi nola eginen diezue aurre?

Ekimen desberdinak egin dira dirua biltzeko, zozketak, afariak… Baina orain arte egindakoa ez da nahikoa, kopuru oso handiak direlako. Kontuan izan behar da isundutako guztiak egoera ekonomiko desberdinetan gaudela. Herritar askok lagundu digute, aitortu diguten babesa handia izan da eta eskertu behar da. Azken finean adierazpen askatasunaren aurkako erasoak ari direlako egiten. Hala ere, asko falta da ordaintzeko eta horregatik ekimenak antolatzen segitzeko asmoa dugu.

Guardia Zibilaren presentzia ere areagotu da?

Lehen ere handia zena, orain handiagoa da. He­rrian edozein lekutan egoten dira. Kontrolak ugaritu dira. Noiznahi daude herri sarreran eta hamar minutuz bada ere kontrola jar­tzen dute. Kotxe pila bat gelditzen dituzte tarte horretan, gehienbat gazteak. Gero handik, beste txoko batera joan eta berriz jar­tzen dute kontrola. Erabatekoa da beraien presentzia kalean, handik edo hemendik kaltea eragin nahian dabiltza.

Film labur batek ere zeresana eman du be­rriki...

Duela bi urte egindako film laburra da eta salaketa orain izan da. Sinesgaitza da egoera. Baina argi erakusten du zer suma dabiltzala. Gazte batek egindako pintada baino, laburmetraiaren bukaera begiratu beharko lukete garrantzitsua hori baita.

Baduzue isun gehiago iristeko beldurra?

Ezin liteke jakin baina horrela segituz gero ez litzateke batere arraroa. Alde horretatik beraien eskuetan gaude, erabat arbitrarioak izan litezke.  Beti da zure hitza berearen kontra eta beraiei profesionaltasun eta objektibotasunez jokatzen dutela aitortzen die legeak. Zoritxarrez legea horrela dago egina.

BERAIEN ESKU
«Erabat arbitrarioak izan litezke. Beti da zure hitza berearen kontra eta beraiei profesionaltasun eta objektibotasunez jokatzen dutela ­­
aitor­tzen die legeak. Zoritxarrez legea horrela dago egina».   

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun