Taloaren bueltan pesta giro bikaina izan zen igandean Leitzan

TTIPI-TTAPA 2014ko irailaren 22a

Goizeko 10:00etan ireki zituzten postuak eta jendea talo gosez, ez zuten atsedenik hartzeko tarterik izan talogileek. Eneritz Iraola

LeitzEKO kontsumo taldearen aurkezpena ere bertan egin zuten

Jendetza bildu zen, irailaren 21ean ospatu zen X.Talo Egunean. Goizeko 10:00etan ireki zituzten Saralegi eta Villabonatarrek talo postuak eta hauekin batera, baserriaren inguruko erakusketek eta zonaldeko artisauen postuek jantzi zuten plaza. Leitzeko kontsumo taldearen aurkezpena ere bertan egin zuten eta txikienek ere izan zuten non gozatua. Horretaz gain, herriko alde zaharretik bisita gidatuak eta karrapean “Plazaola, 100 urteurrena” erakusketa jarri zuten. Herri Kirol Erakustaldia ere izan zen, Zerra tokia Kañamares anaiekin eta Harri tira proba Leitzako neska-mutilekin. Ikusi argazkiak

Taloa izan zen protagonista irailaren 21ean Leitzan. Hamargarren urtez, ospatu zuten gastronomia eta kultura lotzen dituen pesta eta aurtengoan ere jendearen erantzuna bikaina izan zen. Goizeko 10:00etan ireki zituzten Saralegi eta Villabonatarrek talo postuak: txistorra, gazta, hirugiar eta baita gula edo perretxikoz beteak... jendea talo gosez, ez zuten atsedenik hartzeko tarterik izan talogileek.

Talo postuekin batera, baserriaren inguruko erakusketek eta zonaldeko artisauen postuek jantzi zuten plaza. Esku trebeak aritu ziren sega zorrozten, haria ehuntzen edo txikordak egiten. Txikienek ere izan zuten non gozatua, taloak egiten ikasteko tailerra, gurdi ibilaldiak eta baserriko animalien erakusketa antolatu baitzituzten beraientzat. Horretaz gain, herriko alde zaharretik bisita gidatuak eta karrapean “Plazaola, 100 urteurrena” erakusketa jarri zuten ikusgai. Talo lehiaketa ere egin zuten eta sei parte hartzaileen artetik Julian Zabaletarena irten zen garaile. Eguerdiko 12:00etan Herri Kirol erakustaldia izan zen, Zerra tokia Kañamares anaiekin eta Harri tira proba Leitzako neska-mutilekin. Azken hauek banakako lana egin zuten, neskek 400 kiloko harriari eta mutilek 700 kilokoari egin behar izan zioten aurre.

Kontsumo taldearen aurkezpena

Artisauen artean, Leitzako kontsumo taldeak bere postua jarri zuen. Bertako produktuak jarri zituzten ikusgai eta berriki lanean hasi den kontsumo taldeari buruzko informazioa ere eskaini zuten. LeitzEKO izena du kontsumo taldeak eta ekonomia solidarioago, kontzienteago eta osasuntsuagoa bultzatzeko sortu da. Ateak irekita dituzte eta «edonoren ekarpen, hausnarketa eta lanerako gogoa ongi etorria» izanen dela azpimarratu nahi dute. Norbaitek interesa balu leitzekokt@gmail.com helbidera idatzi beharko luke. Elikadura eta energia ardatz hartuta hainbat ekimen antolatu dituzte datozen hilabeteetarako, besteak beste urri hasieran hasiko diren energia jardunaldiak. Ikusi argazkiak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun