Nafarroako Gobernuak, irailaren 9ko bileran adostu zuen akordioan, Sarriopapel y Celulosa SA enpresaren inbertsio-proiektuak foru-interesekotzat jo ditu; zehazki, enpresak 34 milioi euro jarriko ditu Leitzako instalazioetan paper termiko eta metalizatuak egiteko ahalmena eta paper horien sorta handitzeko.
Foru-interesekotzat jotzen dira, zehazki, Nafarroako ekonomia-, gizarte- eta lurralde-garapenerako garrantzitsuak diren proiektuak; adierazpen hori enpresa- eta lanbide-jarduerak martxan jartzeko izapide administratiboak sinplifikatzeko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Arauan dago jasoa.
Proiektu horiek ez dute diru-laguntzarik jasotzen, baina izapide administratiboak egiteko denbora erdira jaisten da. Hain zuzen ere, murrizten dira, batetik, jarduera ezartzeko prozedura administratiboak, salbu eskariak eta helegiteak aurkeztekoak; bestetik, hirigintza-plangintza bideratzeko, onartzeko eta egikaritzeko epeak; eta azkenik, obrak egiteko eta instalazioak martxan jartzeko baimenak emateko epeak.
1959TIK LEITZAN
Sarriopapel y Celulosa SA enpresa 1959an ireki zuten Leitzan. Lecta izeneko Europako paper-talde nagusienetako batekoa da. Leitzan guztira 450 langile daude, enpresan batez beste 26 urtean lanean aritu direnak. Gainera, zeharkako 2.250 lanpostu sortzen ditu, paper-sektorean lanpostu zuzen bakoitzeko zeharkako bost sortzen direla kalkulatzen baita. Egingo den inbertsioak paper-fabrikako enplegua egonkortu eta jarduerari eustea bermatuko du.
Gaur egun, balio erantsi handia duten eta goi-mailako teknologiarekin landu behar diren hainbat paper berezi egiten dituzte (autokopiakoa, termikoa, metalizatua eta distira handiko iztukatua), guztira 120.000 tona baino gehiago.
Horrez gain, enpresak gas naturaleko kogenerazio-instalazio bat dauka, 7,2 Mw-ekoa, eta baita ingurumen- eta energia-ziurtagiriak ere, lehengaia (egurra), ura eta energia modu iraunkorrean kudeatzea ziurtatzeko.
Orain arte, Nafarroako Gobernuak 2,9 milioi euro inguruko diru-laguntzak eman dizkio enpresari.