Eguraldia bezalako uztail motel baten ondotik, «festen inguruan eta abuztu hondarrean mugimendua» somatu dute Zubimuxu aterpean, Irune Zabala arduradunak aipatu digunez. Aurreko urteekin konparatuz, «sartu-atera gehiago, baina talde txikiagoak, bikoteak eta hiru-lau laguneko taldeak» ibili direla jakinarazi digu. Familiak eta mendia bilatzen duten bisitariak dira Goizuetara gehien etortzen direnak eta turismo bulegorik ez dagoenez, Irune berak eskaintzen die informazioa. Bizikleta eta moto itzuliak egiten dutenak ere asko agertzen dira, «azken hauek Alemania eta Holandatik gehien bat». Orain, irail polita doa eta udazkenera begira ere badu itxaropenik Zubimuxuko arduradunak: «azienda feria egunean ia bete egin zen iaz».