Leitzan, Gozamenez programaren baitan ur festa ospatu zen irailaren 5ean, gauez. Festa hau Gizarte Zerbitzuek, Leitzako Kiroldegiak eta Andraizko Emakume Zerbitzuak antolatzen dute duela zortzi urtez geroztik. Aurten oso sentsazio politarekin gelditu dira. Parte hartze altua izan da, 12-16 urte bitarteko 50 gaztetxo joan ziren eta festaren helburua erabat bete zen beraien ustez. Drogak, aurreiritziak, itxurak, modak... alde batera utzi eta ederki pasa zuten. Festa hasi aurretik ongi-etorri pankarta margotu zuten haurrek eta giro bikaina sorrarazi zuten piszinako ur epelak, musikak eta antolatzaile eta gaztetxoek jolasteko eta ongi pasatzeko eraman zuten gogoak. Gizarte zerbitzuek eskerrak eman nahi dizkiete parte hartu zutenei eta jakinarazi dute hurrengo urtean berriz antolatzeko prest daudela.