Urte sasoi honetan Plazaola Partzuergo Turistikoak Leitzako Udalarekin batera, Talo Eguna antolatzen du. Helburua turistei ingurua ezagutaraztea da eta bide batez gure gastronomian hain garrantzitusa izan zen taloa mantentzea. Aurten irailaren 21ean ospatuko da egitarau mardul batekin.
Igandean 10:00etan hasiko da Talo azoka, bertan Saralegitarrek eta Villabonatarrek taloak prestatuko dituzte, jaki ezberdinekin osatuz. Artisauek ere izanen dute beraien lekua eta baita kirolak ere: Leitzako neska-mutilak harri tiran ariko dira eta Kañamares anaiek “zerratokia” erakustaldia eginen dute plazan. Horretaz gain animaliak, baserriko tresneriak, artoarekin zerikusi duten lanabesak, inguruko landaetxeen informazioa, talo pintxoak… izanen dira plazan. 4 eta 14 urte bitarteekoentzat taloak egiteko tailerrak eta eskualdeko talo lehiaketa ere izanen da.
Umeek gurdian ibiltzeko aukera ere izanen dute herrian barna. Doako bisita gidatuaz ere gozatu ahal izanen da alde zaharretik (aurrez izen emateko 672 045649 edo 948 507204 telefonoetan eta egunean bertan, Plazaola Partzuergo Turistikoko postuan). Gainera, aurten Plazaola trenaren menduerrena ospatzen da, meatze-tren zaharra 1914tik bidaiariak garraiatzen hasi baitzen eta horrehatik, “Plazaola, 100 urteurrena” erakusketa ikusgai izanen da.
11:00etatik aurrera, Eskualdeko Talo Lehiaketa ospatuko da, egun berean 12:00ak baino lehen eta dohainik izena emanez, Plazaola postuan baita ere, sariak irabazteko aukera ere egonen da hiru lehendabizikoentzat. Eskualdeko tabernak eta jatetxeak, taloarekin egindako pintxoak dastatzeko aukera ere izanen da (ezohiko taloekin harrituko gaituzte).
Azkenik, 13:30 aldera zozketak eginen dira: 4 pertsonentzat asteburuko egonaldi bat (Leitzako alojamenduetan asteburu horretan ostatu emanda dauden guztien artean) eta artisauen produktu sorta bat (egun honetan, Plazaola Partzuergo Turistikoko kide diren establezimendu edota artisauen artean erosketak egiten dituztenentzat) horretarako txartel bat emango zaie.
Kontsumo taldearen aurkezpena
Talo egunaren baitan, Leitzako kontsumo taldearen aurkezpena eginen da. Artisau azokan postu bat jarriko dute bertako barazkiekin eta taldearen inguruko informazioa ere emanen dute. Poliki forma hartzen ari den taldea da, jadanik bilera batzuk egin dituzte eta garbi dute beste kontsumitzeko eredu bat martxan jarri nahi dutela; ondarea errespetatuko duena, osasuntsua eta bide batez justua. Bertako nekazariek landutako produktuak baloratu eta komertzio justu eta jasangarriago bat sustatuz. Elikadura eta energia burujabetza lortzeko urratsak eman nahi dituzte, tokiko garapena eta tokiko produktuen ekoizpena bultzatu eta inguruarekin eta jendartearekiko errespetuan oinarritzen den kontsumo eredua bultzatuta.