Gobernuak foru-interesekotzat jo du Sarriopapelek Leitzan egingo duen 34 milioi euroko inbertsioa

TTIPI-TTAPA 2014ko irailaren 10a

1959an jarri zuten Sarriopapel lantegia Leitzan. Artxiboko argazkia

Enpresak paper termiko eta metalizatuak egiteko ahalmena eta paper horien sorta handitzeko jarduerak egingo ditu

Nafarroako Gobernuak, irailaren 9ko bileran adostu zuen akordioan, Sarriopapel y Celulosa SA enpresaren inbertsio-proiektuak foru-interesekotzat jo ditu; zehazki, enpresak 34 milioi euro jarriko ditu Leitzako instalazioetan paper termiko eta metalizatuak egiteko ahalmena eta paper horien sorta handitzeko.

Nafarroako Gobernuak, irailaren 9ko bileran adostu zuen akordioan, Sarriopapel y Celulosa SA enpresaren inbertsio-proiektuak foru-interesekotzat jo ditu; zehazki, enpresak 34 milioi euro jarriko ditu Leitzako instalazioetan paper termiko eta metalizatuak egiteko ahalmena eta paper horien sorta handitzeko.

Foru-interesekotzat jotzen dira, zehazki, Nafarroako ekonomia-, gizarte- eta lurralde-garapenerako garrantzitsuak diren proiektuak; adierazpen hori enpresa- eta lanbide-jarduerak martxan jartzeko izapide administratiboak sinplifikatzeko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Arauan dago jasoa.

Proiektu horiek ez dute diru-laguntzarik jasotzen, baina izapide administratiboak egiteko denbora erdira jaisten da. Hain zuzen ere, murrizten dira, batetik, jarduera ezartzeko prozedura administratiboak, salbu eskariak eta helegiteak aurkeztekoak; bestetik, hirigintza-plangintza bideratzeko, onartzeko eta egikaritzeko epeak; eta azkenik, obrak egiteko eta instalazioak martxan jartzeko baimenak emateko epeak.

 

1959tik Leitzan

Sarriopapel y Celulosa SA enpresa 1959an ireki zuten Leitzan. Lecta izeneko Europako paper-talde nagusienetako batekoa da. Leitzan guztira 450 langile daude, enpresan batez beste 26 urtean lanean aritu direnak. Gainera, zeharkako 2.250 lanpostu sortzen ditu, paper-sektorean lanpostu zuzen bakoitzeko zeharkako bost baitaude. Egingo den inbertsioak paper-fabrikako enplegua egonkortu eta jarduerari eustea bermatuko du. Gaur egun, balio erantsi handia duten eta goi-mailako teknologiarekin landu behar diren hainbat paper berezi egiten dituzte (autokopiakoa, termikoa, metalizatua eta distira handiko iztukatua), guztira 120.000 tona baino gehiago.

Horrez gain, enpresak gas naturaleko kogenerazio-instalazio bat dauka, 7,2 Mw-ekoa, eta baita ingurumen- eta energia-ziurtagiriak ere, lehengaia (egurra), ura eta energia modu iraunkorrean kudeatzea ziurtatzeko.

Orain arte, Nafarroako Gobernuak 2,9 milioi euro inguruko diru-laguntzak eman dizkio enpresari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun