«Ilusioa ez zait falta eta argi dut pausoka, arituz, osatzen dela bidea»

Eneritz IRAOLA 2014ko irailaren 4a

Xabier Perurena, mikrofonoa eskuan, Parle vu euskara? film luzearen grabazioan. Utzitako argazkia.

Fokuen argipean ohitua, kamera atzealdeko sekretuak ere ezagutu nahian dabil Xabier Perurena (Leitza, 1987). Bi urtez aritu da ideia ontzen eta ikusi du argia bere film luzeak. Parle vu euskera? izenburupean, Migel Mari Elosegik duela hamar urte herrian egin zuten antzezlanerako sortutako gidoia izan du oinarri. Ikusleen aldetik «eran­tzun bikaina» jaso du eta horrek lanean segi­tzeko indarra eman dio. Ameslaria izatez, ideiak ez zaizkio falta, horregatik «ikasitakoa hartu eta proiektu berriak landu» nahi ditu.

Eneritz IRAOLA | LEITZA

Kamera aurretik, atzera ere egin duzu salto.

Duela bost urte inguru hasi nintzen aktore lanetan eta beti piztu dit interesa kameraren atzean dagoen guzti horrek. Ez dut ikus-entzunezko ikasketarik egin eta nire kabuz interneten bideo tutorialak ikusi eta praktikatuz ikasten joan naiz pixkanaka. Imajinazio dezente dut eta milaka proiektu izaten ditut buruan. ilusioa ez zait­ falta eta argi dut pausoka arituz, osatzen dela bidea. Lau urte ondoren lortu dut  lan luze hau egitea eta polita izan da herrian aurkeztea.

Zer nolako harrera izan du Parle vu euskarak?

Bi egunetan eman genuen filma Leitzako zinean eta sarrera guztiak saldu ziren, 500 inguru. Zinema gainezka zegoen eta jendea kanpoan ere geratu zen. Beste emanaldiren bat antolatzeko eskatu didate batzuk, baina momentuz ez daukat asmorik. Guztia hain ongi atera da, hain kontentu nago izan duen erantzunarekin... ikasitakoa hartu eta proiektu berriak landu nahi ditut orain.

Lehendabiziko film luzea izateko ez zara ibili pausaje txikian...

Bat baino gehiagok esan dit eroturik nagoela baina lan eginda lor zitekeela pentsatzen nuen. Nire poltsikotik ordaindu dut guztia eta horregatik, ahalik eta merkeen egiteko modua bilatu dut, bestela ez direlako kontuak ateratzen. Egin beha­rreko lanerako hamar pertsona behar, baina nik ordu gehiago eskainita  lau lagun nahikoak baziren, nik osa­tzen nuen bes­te seien lana. Zuzendari, produktore, aktore, editore lanetan aritu eta atre­zzo, jan­tzi, lokalizazioetaz… ere neroni arduratu naiz. Gastuak gutxitu nahi nituen, aktoreei egindako lanagatik ere ordainsari bat eman nahi nielako. Agian beste aldean egon naizelako izanen da, baina guztioi gustatzen zaigu gure lana nolabait baloratzea. 

Leitzar baten gidoia, Lei­tzan grabatua, leitza­rren parte har­tzearekin… hurbilekora jo duzu.

Ezagutzen duzunak beti ere segurtasun handiagoa ematen du. Nahikoa ardura banuen nire gain eta etxe ondoan grabatuta gauzak asko erraztu ziren. Hemeretzi orduko errodajeak izan ziren eta etxetik  bost minutura lanean ari nintzen, ezagu­tzen nituen aktoreekin. Edozein gauza behar nuela ere eskura nuen.

Editore lana, «eromena» hitzarekin laburbildu duzu...

Bi asteburutan grabatu genuen eta denera 1200 klip eta beste hainbes­te audio nituen. Ordu pila bateko materiala da hori eta guztia ikusi, aukeratu, landu behar da. Ahal nuen tokitik atera­tzen nuen denbora, ilusio handia nuelako. Izan dira 14 orduz segidan editatzen egon naizen egunak. Horrek noski izan ditu ondorioak, tartean erretako ordenagailu bat eta okerrera egin duen ikusmena.

Beste lanekin partekatu duzu proiektua. Zaila izan da?

Egia esan lan aldetik bi urte hauek amets bat bezala izan dira. Momentu batzuetan hiru edo lau lanetan aritu naiz antzez­lan, telesailetan... Ba­tzuetan dena batera eto­rri eta bes­teetan bila ibili behar duzu, aukera etor­tzen denean aprobe­txa­tu beharra dago. 

Gustura geratu zara emaitzarekin?

Aurrera pauso bat egin dudala uste dut. Gustura geratu naiz emai­tzarekin baina gehienbat ha­rritu nauena jendearen erantzuna izan da. Komedia bat da eta zineman jendearen algarak entzuteak ilusio handia egin zidan. Ikuslearekin konektatu nuela sentitu nuen. Ikusten dizkiot akatsak noski,   bi urte pasa dira errodatu nuenetik eta bi urte hauetan asko ikasi dut. Gauza batzuk agian orain ez nituzkeen horrela egin izanen... baina normala da hori, pixkanaka ikasten delako. 

ETORKIZUNERAKO ASMOAK
«Aktore lanetan segi eta kamera atzeko ­afizio hau ere ofizio bihurtu nahiko nuke. Horregatik ikus-entzunezko enpresa bat sortzeko ideia lantzen ari naiz».   

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun