Igandean, irailaren 7an, egin zen Aresoko Mendi martxaren zazpigarren edizioa. Eguraldi bikaina lagun, goizeko 08:00etan puntuan abiatu ziren mendizaleak Ulizarko kaxkorantz. 07:00etarako ordea, nabari zen mugimendua herrian, izen-emateko mahaiak prest baitzituzten ordurako antolatzaileek. Irteera eman eta aldapan gora abiatu ziren 460 parte hartzaile inguru. Ulizar zuten ibilbideko lehenengo tontorra, handik Merkuzelaira jeitsi eta Urkita izan zuten hurrengo gailurra. Harkaitzetan gora eta behera ibili ondoren, Pagozelai aldera joan ziren. Bertan zain zuten antolatzaileek prestatutako gosaria. Indarrak berrituta, Guratzera (Lau Mugarrietara) ibilbideko punturik altuenera igo eta handik Aresoko plazara jeitsi ziren.
Ez da proba lehiakorra, baina asko dira aurreko urteetako marka hobetzeko asmotan irteten direnak. Hala, parte hartzaile dezentek osatua zuten proba eguerdiko 12:00ak baino lehen. Jende multzo handiena berriz, ordubatak inguruan iritsi zen, lauzpabost ordutan osatuz 21 kilometroko ibilbidea. Helmugan, kamiseta teknikoa jaso eta ongi irabazitako sagardo tragoxka egin eta paella jateko aukera izan zuten.