Urteko hitzordu nagusia eginen dute Artikutzan ortzegunean

Ttipi-Ttapa 2014ko abuztuaren 26a

Artikutzan egun polita pasatzeko aukera izaten da San Agustin Eguna.

San Agustin Eguna izaki, ate irekien eguna izanen da eta hainbat ekitaldi prestatu dituzte

08:00etan irekiko dute Artikutzako atea eta egun osoan hainbat ekitaldi izanen dira. Goizean meza, pilota modalitate desberdinetan partidak eta hitzaldiak izanen dira eta arratsaldean bertso saioa, herri kirol erakustaldia eta dantzaldia. Horiez gain, artisauen lanak ere ikusgai paratuko dituzte eta bertako produktuak dastatzeko aukera izanen du nahi duenak.

Ortzegun honetan, abuztuak 28, bere zaindariaren eguna ospatuko da Artikutzan, San Agustin Eguna. Gure eskualdeko jende aunitzentzat, Goizueta, Arantza eta Lesakakoentzat adibidez, hutsik egiten ez duten hitzordua izaten da baina Artikutzak ateak irekitzen dituen urteko egun bakarra hau izaten denez, bertze toki aunitzetako jendea ere hurbiltzen da.

Beti bezala, egun osoko egitaraua antolatu dute. 11:00etan meza izanen da eta ordu berean Beko Etxe eraikinean paxaka pilota modalitateari buruzko hitzaldia eskainiko dute. 11:30ean paxaka eta esku pilota modalitateetan partidak jokatuko dituzte eta ordu berean Artikutzako ur satorraren egoerari buruzko hitzaldia emanen du Jorge Gonzalezek.

Arratsaldean, 16:00etan Beñat Gaztelumendi eta Jon Martin bertsotan ariko dira eta 18:00etan herri kirol saioa hasiko da. Donato Larretxea eta Felix Etxeberria, Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertzaren kontra ariko dira aizkoran. Harri ajsotzen ere ariko dira, Jose Ramon Iruretagoiena (Izeta II.a) eta Landarbide, hain zuzen. 20:00etan dantzaldia izanen da Joxe Mendizabalekin. 

Horietaz gain, egun osoan artisauen lanak ikusteko aukera izanen da eta bertako produktuak ere salgai egonen dira.

Oharra

Artikutzako atea 08:00etan irekiko dute eta kotxeentzat aparkalekua urtegiari buelta ematen dion pistan egokituko da. Alde batetik sartu eta bertzetik atera beharko da, beti norabide berdinean. Beraz, kotxeari ez zaio buelta eman behar aparkatzen denean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun