.jpg)
Leitzako herriko pestak hasi aurreko egunean, abuztuaren 9an, Independentzia eguna ospatuko da Leitzan. Herriko eragile ezberdinen artean osatu dute pesta eta aldarria lotzen dituen egun osoko egitaraua.
Larunbat goizeko 09:00ak aldera txistularien dianarekin hasiko da eguna. Ondoren, 11:00k aldera ekitaldi politikoa eginen da udaletxean. 11:30etik aurrera herri kirolekin gozatzeko aukera izanen dute plazara gerturatzen direnek, Leitzako Emakumezkoen harri-tira proba eta segidan, kuadrilen arteko herri kirolak antolatu baitituzte plazan.
Arratsaldez, 17:30ean gure ikurrei omenaldia eginen zaie eta ondoren, Igualadatik (Katalunia) etorriko diren Castellers-ek giza-torrea osatuko dute plazan. 19:00tan kalejira berdea eginen da herrian barna, independentziarantz doazen herriei babesa eta bultzada eskainiz. 20:00etan batukada erritmoek hartuko dituzte kaleak eta gauerditik aurrera kontzertuak antolatu dituzte. Pestaren baitan, lekukoa bermeotarrei pasako diete beraiek ere independentziaren aldarria egiten jarraitu dezaten.
Egun osoan zehar, Independentistak sareko materiala salgai izanen da.