Hirugarren urtez arkume jatea eginen da Santio fiesten baitan, zehazki uztailaren 26an. Beti bezala herriko produktuekin osatu nahi dute menua eta honela, goizean goizetik burduntzian erretzen jarritako bertako arkumearekin batera, entsalada, gazta eta mamia, kafea eta kopa ere izango da. Bazkalondoa girotzeko musika ere izango da, baina hau idazterakoan ez dago zehaztua zein diren musikariak.
Txartelak salgai jarriko dituzte uztailaren 4tik 20ra Aranoko Kontsejuan, Goizuetako Amaia kafetegian, Hernaniko Bi Herriak eta Deportivon, Ereñozuko Irrintzin eta Urnietan. Helduentzat txartelaren prezioa 30 eurokoa da eta haurrentzako menu berezia ere jarriko dute, 6 euroren truke.