Orain arte herrian inoiz izan ez den zerbitzua ireki berri dute Behekolandan, Asinko inguruko nabe batean: udal gimnasioa. Oraingoz, muskulazioa lantzeko tresna batzuk jarri dituzte eta hasiak dira lehenbiziko herritarrak bazkide egiten. Hain zuzen, urte osorako bazkide egitea 25 euro kobratuko da, baina urte erdia joan dela kontuan hartuz, horren arabera ordainduko dute bazkideek aurtengoa eta 2015 urte hasieran eginen zaie urte osoko kobraketa.
Gimnasioa erakutsi eta erabiltzeko azalpenak ekaineko asteazkenetan ematen ari dira, herritarrek zerbitzu berria ezagutu eta eskura zein baliabide dituen jakin dezaten. Beraz, hemendik aurrera ez da esaterik izanen Goizuetan kirola egiteko frontoiak, erreka eta mendia bakarrik dugunik. Gimnasioa ere bai.