Mediku euskalduna nahi dut ekimena burutu dute berriki Leitza, Arano, Areso eta Goizuetan. Maiatzaren 27an Leitzako udaletxean egindako agerraldian baloratu dituzte lortutako emaitzak kanpaina bultzatu duten eragile desberdinetako ordezkariek. Azpimarratu dute «emaitzak oso onak izan direla eta argi erakusten dutela herritarren nahia» zein den. Denera 171 eskaera lortu dira, Leitzan 99, Goizuetan 54 eta Areson 18.
«Legeak eskubidea aitortu arren, errealitatea gordina» dela salatu zuten. Seme-alaba eta medikua elkar ezin ulertuz, «gurasoek itzultzaile lanetan aritu behar» izaten dutela. Arazoa mahai gainean jartzeko asmoz abiatu zuten ekimena, Alaitz Eskudero, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateko lehendakariak azaldu zuenez, urte askoan iraun duen "gabezia handi" bati erantzun nahian. Lau astez iraun du dinamikak eta gaia gizarteratzeko herritarren testigantza jasotzen duen bideo bat zabaldu, eskuorri bat argitaratu eta sare sozialak, webguneak eta hedabideak baliatu zituzten. Segidan, eskaera ofizialak bete zituzten Nafarroako Gobernuak osasun etxean eskura jartzen dituen inprimaki ofizialen bidez.
Eskaria bete duen, Ainhoa Bigera leitzarrak «eskaera xumea bezain garrantzitsua» dela azpimarratu zuen, «Nafarroako Gobernuari eskubide hau bermatzeko beharrezko pausoak eta lege aldaketak egitea eskatzen diogu, aldaketa egiteko prest agertuko balira pediatrak badaudelako, euskaldunak edota euskalduntzeko prest daudenak. Beraien esku dago bermatzea».
Eneka Maiz UEMAko ordezkariak gogorarazi zuen eskualde honetan gertatzen dena ez dela errealitate isolatua, «Nafarroako UEMAko 14 udalerrietan, 8 pediatra ari dira lanean eta horietatik lauri bakarrik eskatzen zaie euskaraz jakitea».
Horregatik, Garbiñe Petriati, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak gisa honetako ekimenak antolatzeak duen garrantzia azpimarratu zuen «egoera agerian uzteko» eta Osasun asistentziaren kalitatean ere eragiten duenez «komunikazio eraginkor hori lortu artean, salatu beharra dagoela» aipatu zuen.
HURRENGO PAUSOAK
Bildu diren eskaerei jarraipena egiteko asmoa dute orain, eta Nafarroako Gobernuari eskaera formala eginen diete euren eskakizunak kontuan hartu eta plantila organikoan beharrezko aldaketak egin ditzan.