Mens grekoz hilerokoa da eta pausi bukatzea. Horixe da menopausia hitzak esan nahi duena, hilerokoaren bukaera. Emakumezkoek derrigorrean pasatu behar duten bizitzako etapa bat da menopausia. Ugaltzeko gaitasuna galdu du eta aldaketa hormonal handiak izaten direneko garaia da. Bataz beste 45-55 urte bitartean izaten da eta zazpi-hamar urtez iraun dezake. Bizitzako garai honi buruzko xehetasun gehiago Amaia Etxeberria leitzarrak eman dizkigu, Doneztebeko Osasun Zentroko erizainak.
G. PIKABEA
Menopausiarekin zein aldaketa nabaritzen ditu emakumeak gorputzean?
Normalean, hasieran nabaritzen diren sintomak hauetako bat edo batzuk izan daitezke: sofokoak, izerdia botatzea, insomnioa, palpitazioak, suminkortasuna, urduritasuna, labilitate emozionala, gizentzeko joera... Gorputzean ematen diren aldaketak, berriz, azalekoak (elastikotasuna eta hezetasuna galtzea), ilea erortzea, genitalen atrofia, baginaren lehortasuna... izan daitezke. Luzaroan beste aldaketa batzuk ere eman daitezke, besteak beste, osteoporosia eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua handitzea.
Nola alda daitezke sintomak emakume batetik bestera?
Emakume batek izugarrizko sofokoak izan ditzake eta beste batek, berriz, arinagoak. Beste sintomekin ere gauza bera pasa daiteke, emakume batetik bestera modu desberdinean bizituz. Hortan hainbat faktorek dute zerikusia: pertsonalak, soziokulturalak...
Zein fase ditu menopausiak?
Perimenopausian lehenengo sintomak hasten dira eta hilerokoa irregularra izaten has daiteke, hormonen aldaketa dela eta. Azken hilerokotik urte bat pasatzen deneko garaiari, berriz, menopausia deitzen zaio. Eta postmenopausian sintomak gutxitu egiten dira. Sofokoak arinagoak eta maiztasun gutxiagorekin izaten dira. Baina osteoporosia eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua handitzen da.
Menopausia ez da gaixotasun bat, baina emakumeei fisikoki eta psikologikoki eragiten die.
Menopausian hormonen aldaketa handia izaten da. Estrogeno eta progesterona hormonen produkzioa asko jeisten da eta ondorioz, aipatutako sintoma fisikoak agertzen dira. Bizitzaren aro berrian gaudela kontuan hartuz, menopausia berari beste faktore batzuk gehitzen zaizkio: gaztetasuna galtzea, gorputzaren itxura aldatzea, bizitzaren eboluzioa eta bere kezkak, gizartean dauden topikoak, gizartearen egoera eta gureganako eragina... Emakumea emozionalki ere sentsibilitate bereziarekin egon daiteke.
Zer aholkatuko zenieke 40 urtetik gorako emakumeei menopausiaren etorrerari beldurrik ez izateko?
Lehenengoa, etapa hau normaltasunez eta naturaltasunez bizitzeko. Bestalde, osasuntsu bizitzen ikastea, hau da, elikadura zainduz (kaltzioa duten elikagaiak jan, fruta eta barazki asko, alkohola eta kafe gutxi edan), kirola eginez, tabakorik ez errez eta autoestimu ona edukiz.
Behin menopausia etorritakoan, zein aholku emanen zenituzke?
Sofokoak gutxitzeko erlajatzen ikastea eta praktikatzea ona da, inguruko tenperatura beroegia ez izatea, arropa arinak erabiltzea, masailak ur hotzarekin freskatzea, otorduak oparoegiak ez izatea eta espezie gutxikoak, edari oso beroak ez edatea, kirola egitea, fitoestrogenoak erabiltzea (soja, salbia...); azalaren lehortasuna zaintzea ere garrantzitsua da ur asko edanez eta egunero ongi hidratatuz; genitalen aldaketen ondorioz arazo sexualak izanez gero, mediku edo ginekologoari aipatu behar zaio. Elikadura garbia eta kirola eginez, arrisku kardiobaskularra prebenitzen da. Emozioei dagokienez, aldiz, gorputz aldaketak konplexurik gabe onartzea garrantzitsua da, lasaitasunez bizitzea, eginkizunak aurretik antolatzea, harreman sozialak mantentzea, aisialdiko denboraz gozatzea... Laburbilduz, norberak bere burua maitatzea eta etapa honetan ere bizitzaz disfrutatzea da aholku nagusia. Biziaro honek ere bere alde polita dauka, esperientziak erakutsi diguna praktikan jarriz. Gorputza eta burua zainduz, gure nahi eta gogoetara errazago irits gaitezke.
HORMONA ALDAKETA
«Menopausian hormonen aldaketa handia izaten da. Estrogeno eta progesterona hormonen produkzioa asko jeisten da eta ondorioz, sintoma fisikoak agertzen dira. Emakumea emozionalki ere sentsibilitate bereziarekin egon daiteke».
KANPOKO LAGUNTZA
«Menopausiak ez du zertan traumatikoa izan, norberaren izaeraren eta hartzen ditugun zainketa neurrien araberakoa da. Batzuetan kanpoko laguntza beharrezkoa izan daiteke».