Maiatzean egin du Leitzako irakurle taldeak ikasturte honetako azkeneko saioa. Saio horretarako Bilbao – New York – Bilbao eleberria irakurri zuten taldeko kide guztiek, eta liburuaren egilea bera, Kirmen Uribe ondarroarra, etorri zen saiora. Idazlearekin batera liburuaren inguruko hainbat alderdiz eta jakingarriz hizketan aritu ziren. 2013ko abenduan abiatu zen irakurle taldea eta 15 bat lagun biltzen dira hilero. Nafarroako Gobernuak eskaintzen dituen euskarazko loteetatik liburu batzuk aukeratu ditu taldeak, hilabete bakoitzeko liburu bana, eta liburu hori irakurtzea eta ondoren denon artean horretaz hizketan aritzea izan da taldearen jarduera. Heldu den ikasturtean jarraitzeko asmoa dute taldeko kideek, eta dagoeneko hitzartua dute Eider Rodriguez idazlearekin haren liburu baten inguruko saioa egitea, idazlea bertan dela.