Leitza eskualdeko haur eta eskolen topaleku izan zen maiatzaren 10ean. Egun osoan zehar haur, guraso eta irakasleek primeran pasatzeko aukera izan zuten. Pesta bikoitza izan zen, konposta eguna ere orduan egin zutelako. Pestaren baitan, Mendialdea Mankomunitateak kalitate bikaineko 150 kilo konpost banatu zituen Leitzako 72 familiaren artean. Dagoeneko hondakin organikoen kopurua guztira 2,5 tonatan murriztu da, eta azken konpost banaketa honi aurretik egindakoak gehitu ezkero, 650 kilo konpost lortu dira dagoeneko. 2013ko azaroan jarri ziren hiru konpost-guneetan lortu da kopuru hau eta bertan Leitzako herritarrek sortutako hondakin organikoen % 5a kudeatzen ari da. Parte-hartzaileek konpostajearen balorazio oso positiboa egin dute. Mendialdea Mankomunitateak jakinarazi du norbaitek konposta egiteko interesa edukiko balu, beharrezko informazio guztia 948510444 telefonora deituta lortuko duela.