Maiatzaren 15az geroztik kulturaren bueltan hamaika ekimen antolatu dituzte Leitzan. Kultur aroaren baitan, hutsik egiten ez duten hitzorduak datozen bi asteburuetan izanen dira.
Ekainaren 1ean eginen dute, artisau eta eskulangileen azoka. Aurtengoa 36.edizioa da eta 55 artisauk jarriko dute postua herriko plaza mota guztietako eskulanez jantziz. Bitxiak, jantziak, osagarriak, mermelada, eztia... gustu guztiak asetzeko adina produktu jarriko dituzte aurtengoan ere ikus eta salgai. Goiz eta arratsaldez egonen da zabalik azoka, bertan buelta bat eman nahi duten herritar eta bisitarien esperoan.
Kultur aroko beste hitzordu garrantzitsua, Sagardo Eguna izan ohi da. Duela zazpi urte antolatu zuten lehenengoz eta urtetik urtera jende gehiago erakartzen duen ekitaldia da. Aurten ekainaren 7an izanen da. Ohikoa denez, iluntze partean, hogei sagardogile baino gehiagoren sagardoa dastatu eta pintxo ederrak jateko aukera izanen da txanpon gutxi batzuen truke. Eguraldi ona egiten badu, herriko plazan jarriko dituzte postuak eta euria egiten badu berriz, udaletxeko karrapean.