Mediku euskalduna nahi dut ekimena burutu dute berriki Leitza, Arano, Areso eta Goizuetan eta urrats nagusia gurasoek sinatu dituzten eskaerak izan dira. Maiatzaren 27an Leitzako udaletxean egindako agerraldian baloratu dituzte lortutako emaitzak Alaitz Eskudero Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateko lehendakariak, Juan Mari Barriola Leitzako udaleko zinegotziak, Ainhoa Bigera eskaria sinatu duen gurasoak, Eneka Maiz UEMAko ordezkariak eta Garbiñe Petriati Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak. Prentsaurrekoan parte hartu dute eskariak sinatu dituzten gurasoetako batzuk ere.
Alaitz Eskuderok azaldu duenez, urte askoan iraun duen "gabezia handi" bati erantzun nahi izan zaio ekimenarekin, horregatik "aldarrikapen nagusia pediatra euskalduna eskatzea· izan da. Lau astez iraun du dinamikak eta gaia eta eskaera gizarteratzea izan da egin zuten lehen lana. Horretarako herritarren testigantza jasotzen zuen bideo bat zabaldu, eskuorri bat argitaratu eta sare sozialak, webguneak eta hedabideak baliatu zituzten. Segidan, eskaera ofiziala bete dute parte hartu duten gurasoek, Nafarroako Gobernuak osasun etxean eskura jartzen dituen inprimaki ofizialen bidez. Azpimarratu dute "emaitzak oso onak izan direla eta argi erakusten dutela herritarren nahia" zein den. Denera 171 eskaera lortu dira, Leitzan 99, Goizuetan 54 eta Areson 18. Bildu diren eskaerei jarraipena egiteko asmoa dutela gaineratu dute, eta Nafarroako Gobernuari eskaera formala eginen dietela eskakizunak kontuan har ditzan. Ekimen honekin bat egin duten beste eskualdeetako udalerriekin batera plantilla organikoan beharrezko aldaketak egiteko eskaria ere luzatuko diote.
Eskaria bete duten leitzarretako bat Ainhoa Bigera. "Eskaera xumea bezain garrantzitsua" dela dio, "gure seme alabek beren medikuekin hartu emanak euskaraz izatea besterik ez dugu eskatzen". Seme-alaba eta medikua elkar ezin ulertuz, gurasoak itzultzaile lanetan aritu behar izaten dutela ere azaldu du. Oinarrizko eskubidea dela iritzita, "Nafar Gobernuari eskubide hau bermatzeko beharrezko pausoak eta lege aldaketak egitea eskatzen diogu, aldaketa egiteko prest agertuko balira pediatrak badaudelako, euskaldunak edota euskalduntzeko prest daudenak. Beraien esku dago bermatzea".
Eneka Maiz UEMAko ordezkariak gainera gogorarazi du eskualde honetan gertatzen dena ez dela errealitate isolatua, "Nafarroako UEMAko 14 udalerrietan, 8 pediatra ari dira lanean eta horietatik lauri bakarrik eskatzen zaie euskaraz jakitea. Haurren ehuneko ia ehun euskalduna den eremuan, pediatren erdiari eskatzen zaie euskaraz jakitea. Gurasoek ez dute euren ama hizkuntza hitz egiteko aukerarik. Legeak aitortzen duena gero ez da betetzen horretarako baliabiderik ez delako paratzen". Bidea zaila izan eta oztopoak ugari izan arren, UEMAk lanean segiko duela aipatu du eta herritarrei inplikazioa eskertu eta babesa eskaini nahi izan die.
Garbiñe Petriati Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak bere aldetik gisa honetako ekimenen garrantzia azpimarratu du, "arazoa mahai gainera ekartzeko baliagarriak direlako". Osasun asistentziaren kalitatean ere eragiten duenez egoerak "komunikazio eraginkor hori lortu artean, salatu beharra dago arazoa konpontzeko urratsak ematen hasteko".