Inposaketaren Aurkako Taldeak hainbat ekimen burutu ditu azkenaldian herrian. Euskal ikurren defentsan eta inposaketa salatzeko helburuarekin Euskal Herriko ikurrak jartzeko deialdia luzatu zieten herritarrei eta etxeetako balkoietan eta leihoetan dozenaka ikur jarri dira. Apirilaren 26an Lopene aurrean ere euskal ikurrak jarri zituzten pesta giroan eta segidan txistularien laguntzarekin herriko plazan ekitaldia burutu zen. Bertan Udalbiltzako Nazio Gobernuko kide den Igor Egurenek hartu zuen hitza, bai eta Leitzako inposaketaren aurkako taldeko kide batek ere. Ekitaldiaren baitan euskal ikurren defentsa aldarrikatu eta Leitzako Udalaren aurreko plaza, Euskal Herria plaza bezala izendatu zen, hori adierazten duen plaka agerian utziz. Karrapean Bai Euskal Herria erakundearen erakusketa zegoen ikusgai eta Nafarroako ikurren legea aldatzeko sinadurak ere bildu zituzten.