Urteroko legez, maiatzean kulturaz zipriztinduko dira herriko bazterrak. Astez eta asteburuetan izanen dira ekitaldiak eta urteroko hitzorduek ere ez dute hutsik eginen; ekainaren 1ean XXXVI. Eskulangintza azoka eta ekainaren 7an VI.Sagardo Eguna ospatuko dituzte jai giroan. Kultur Aroaren 37. edizioa da aurtengoa eta orain artekoak bezalaxe, ALKEk antolatu du aroa, Udalak, Kaxkabeltza merkatarien elkarteak, Atekabeltz Elkarteak, Aurrerak, Guraso Elkarteak eta herriko komertzioek lagunduta.
HITZALDIAK
Mota guztietako gaiak izanen dituzte hizpide Atekabeltz, Aurrera eta Udaletxean eginen dituzten hitzaldietan.“Gizonak haien maskulinotasuna birplanteatuz, berdintasunerako bidean” gaia landuko du Jabi Arakamak. Agurtzane Belauntzaranek “Asiak” hitzaldia eskainiko du. Alicia Raquel Lasartek “Osasun emozionala” hartuko du hizpide. Urko Arozena “Meditazioaz” solastuko da. “Pilota jokoen historia” hitzaldia ere izanen da Aurreran eta ondoren pasaka partidua jokatuko da frontoian. Txente Recondok “Catalunia independentziarantz” gaia landuko du. Arkaitz Astiazaranek “Euskal Herriko altxorretan barrena” hitzaldia eskainiko du 20:00etan. Xamar “Udako solstizioaz” ariko da eta bukatzeko EHMEren gaineko hitzaldia izanen da zinean. Ordutegi eta lekuen gaineko xehetasunak agendan dituzue.
KIROL HITZORDUAK
Maiatzaren 16an pilota pesta eta 18an Trikuharrietan barrena mendi irteera antolatu dituzte. Kirol hitzordu nagusia Euskal Herriko Mendi Erronka izanen da maiatzaren 31n.
KONTZERTUAK
La jodedera, Stricallia, Inoren Ero Ni, Sykorax eta Golpe de Rabia taldeen kontzertuak, Aralar Musika eskolako ikasleen emanaldiak eta elizan organo kontzertua antolatu dituzte belarrien goxagarri.
Etxeko ttikienentzat, pailazoak ere izanen dira maiatzaren 18an karrapean.
ERAKUSKETAK
Maskulinitateari buruzko lanak ikusgai iUdaletxean eta Atekabeltzen eta Peritzan Santi Larrazen margolanak.